Seniorren Euskal Ligako 2. mailako partida ikusteko aukera izan zuten errugbi zaleek atzo goizean Michelingo kirol gunean.
Aurrez aurre, Lavie ZRT-Beltzak eta Gernika taldeak izan ziren eta etxeko taldeak ez zuen lan erraza izan sailkapeneko bigarrenaren aurka. Lan ederra egin arren, aulkian kiderik ez izateak kalte egin zion Beltzak taldeari eta 10-27 galdu zuen.
Lehen hogei minutuetan baloiaren jabetza berdindua izan zen. Baina Lavie ZRT-Beltzak taldeko kide bat min hartu eta badaezpada, jokatzeari utzi zionean Gernikako Basurdeek haien jokoa ezarri zuten.
Gernikak zailtasunak zituen defentsa gainditzeko. Hala ere, aurre hartu eta tartea ireki zuten markagailuan. Atsedenaldira, 0-17 joan ziren.
Bigarren zatian, Lavie ZRT taldeko gazteek indarrez ekin zioten eta bi entsegu lortu zituzten. Basurdeek aldiz bakarra egin zuten. 10-27 amaitu zen partida.
Lavie ZRT-Beltzak taldeak elastiko berria estreinatu zuen partida honetan, Xabi Prieto eta Beñat Arroyo herritarrek hasieratik jokatu zuten.
Ohorezko B maila
Bestalde, gaur, Ohorezko B mailako Babyauto Zarautz taldeak Valladolidera egin du bidaia.
Fran Puertasek zuzentzen duen taldeak 5-26 irabazi dio VRAC Quesos Entrepiñares B taldeari.
Lehenengo zatia borrokatua izan da. Etxeko taldeak aurrea hartu du markagailuan. Baina Babyauto Zarautz taldeko mutilek euren kalitatea eta joko ona baliatuz markagailuari buelta eman eta garaipena Euskal Herrira ekarri dute.
Partida honetan, hiru lasarteoriatarrek parte hartu dute. Xabier eta Ander Rekondo anaiek hasieratik jokatu dute, eta bigarren zatian David Vega atera da.
Denboraldi paregabea burutzen ari da Fran Puertas ordiziarrak zuzendutako taldea.
Aurreko urtean kategoriaz igotzeko kanporaketak jokatu zituzten eta balentria lortu ez zuten arren, badirudi aurtengoan berriro saiatzeko aukera edukiko dutela, Aparejadores de Burgos taldeak bakarrik jarraitzen baitio Babyauto Zarautz taldearen erritmoari.
14 urte azpikoen garaipena
Honetaz gain, Lavie ZRT-Beltzen taldeak Ordizia A taldea 29 -27 garaitu zuen atzo Astin.
Beltzakeko gazteek hasieratik ezarri zuten haien jokoa eta 12-0 aurreratu ziren. Tarte horrek, goierritarrak kontrolpean izateko balio izan zien.
Nahiz eta ordiziarrak markagailuan hurbildu, Lavie ZRT-Beltzak taldeko gaztetxoek errenta mantendu eta partida irabazi zuten.