Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten Eterio Ortega Santillana zuzendariaren 'Bakerantza' dokumentala 2011n. Zabaltegi saria eskuratu zuen ETAko kide ohien, biktimen eta senideen iritziak jasotzen dituen Elias Querejetaren ideia batean oinarritutako lanak. Tartean ageri dira Maite Goizueta herritarra eta haren senarra Kepa Pikabea Nanclares bideko presoa ere.
Dokumentalaren ostean, elkarbizitzari buruzko solasaldia egin zuten. Bertan aritu ziren, besteak beste, sufrimenduaz, biktimez, egoera politikoaz eta etorkizunaz hitz egiten Jexux Artetxe, Joxean Rekondo, Jexux Mari Mujika eta Pello Sasiain.
'Merezi izan al du ETAren indarkeriak?' Galderari erantzun nahi izan zioten dokumentala ikusita eta osteko solasaldian, Euskal Herrian hiru jarrera daudela nabarmenduz: “Batzuek ‘noski, ia lortu dugu' esaten dute. ‘Izugarri lortu dugu nahiz eta oso gogorra izan den’, diote. Beste batzuek onartzen dute ‘Guk lortu dugun hori, gu gabe, ETArik gabe’ ere berdin lortuko zela. Hirugarren postura bat ere bada Euskal Herrian, pentsatzen duena askoz gehiago lortuko zela ETArik egongo ez balitz”, adierazi zuten.
“Atzera begiratu ordez, bakegintzan aurrera begiratu beharra dago. Bakegintzan aurrera egingo da herri honetan ez ETAko presoen zain egonda, ez nagusiki politikoen zain ere, gizarte zibilean kapaz baldin bagara egiaz bakearen alde egoteko, hau da, diferente pentsatzen dutenekin hitz egiteko, errespetuz aritzeko, gure herriko pluralitatea onartzeko, orduan egingo da aurrera. Ausardia gehiagorik gabe ez dugu bakerik egingo. Bakoitzak eman behar du urratsa dogmak eta artaldeak alde batera utzita”, esan zuten atzoko saioan.
Amaieran herritarrek galderak egin eta euren iritzia emateko aukera izan zuten.