PSE-EEk 'Hauteskunde Legea haustea' leporatzen dio Bilduri

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 1a, 18:08

Jesus Zaballos alkategai sozialistak ohar bidez salatu du koalizio abertzaleak 'Hausteskunde Legea' urratu duela Beterri Garapen Agentziako liburuxka eta 'Ongi Etorri' aldizkaria etxeetako buzoietan banatzeagatik: “Hauteskunde deialditik aurrera debekatuta dago botere publiko batek burututako lorpen edo proiektuak ekartzen dituen inprimakirik etxez etxe banatzea”.

Bildu “epez kanpo” dabilela salatu du, Ministro Batzordeak onartu eta BOEn argitaratuta baitzegoen ordurako: “Ongi Etorri aldizkariarekin, Bildu guztion dirua erabiltzen ari da propaganda egin eta hauteskunde kanpaina finantziatzeko”.

Talde sozialistak ez du baztertzen Hauteskunde Batzordearen aurrean salaketa jartzea, behin zerrenda guztiak ofizialki osatzen direnean.

Era berean, Beterri Garapen Agentzia existitzen ez dela ere ohartarazi du oharrean, ez baitu Andoain, Lasarte-Oria eta Urnietako udalbatzarren babesa, “nahiz eta Udalaren logotipoa erabiltzen duten eskubiderik gabe”, esan du Zaballos alkategai sozialistak.