Hirugarren urtez udaleko kultura sailak musika astea antolatu du Manuel Lekuonan. Ekimena herriko musika taldeekin egindako elkarlanaz sortu zen duela bi urte. Aurreko edizioetan izandako harrera ona errepikatu nahi dute antolatzaileek. Besteak beste, Ruper Ordorika, Kalakan, Arimaz Kamara Orkestra eta Santa Zezilia Abesbatza eta herriko Zero Sette Akordeoi Orkestrak eskaini zuten kontzertua.
Musika Astea datorren ostegunean hasiko da Hirubi Boskotearen kontzertuarekin. Musikenen, Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegia, 2013an sortutako taldeak kritika oso onak izan zituen Donostiako azken Musika Hamabostaldian. Emanaldia 20:00etan hasiko da eta sarrera doan izango da.
Ostiralean berriz, apirilaren 17an, Manuel Lekuonan eta ordutegi berean, 20:00etan, Mikel Urdangarinen kontzertuaz gozatu ahal izango da. “Mikel Urdangarin 2015” biraren baitan egingo du abeslariak geldialdia Lasarte-Orian. Musikan dagoeneko 17 urte daramatza eta “beti musikari onen altzotik kantari. Askotan errazegi erabili dugun hitzari heldu nahi nioke sendo, esentziari alegia. Nire oraingo mugak ezagutu nahi ditut eta horiek gainditzen saiatu. Etxeko sukaldeko bakardadean kantatzen eta sortzen duen Mikel hura erakutsi nahi nizueke lehenengoz, kantu zahar eta berriak lagun”. Sarrera 5,50 eurokoa izango da.
Doako emanaldiak
Larunbatean, apirilaren 18an berriz, Ars Combinatoria taldearen emanaldia izango da San Pedro elizan. Talde madrildarra herrian egon zen urtarrilean Danok Kideren eskutik Brigitarren komentuan. Ibilbide luzeko taldea da. 1991n jaio zen Ars Combinatoria. XVI. mendeko polifonia espainiarra abesteko, J.S. Bach konpositore ezagunaren abestiak jotzeko zein musika propioa garatzeko interesarekin hasi ziren jotzen. Hainbat hiritan eskaini dituzte kontzertuak, eta baita Ingalaterran eta Italian ere. Emanaldi hau 20:00etan izango da eta sarrera doakoa izango da.
Herriko talde batek emango dio bukaera musikari eskainitako egitarauari. Suberri Akordeoi Orkestrak hain zuzen, igandean, apirilak 19, 12:00etan eskainiko du kontzertua kultur-etxeko areto nagusian. Honetara ere, sarrera irekia izango da.
Musikazaleek beraz, izango dute aukera bertatik-bertara musika estilo ezberdinez gozatzeko.