ISU Leihoak eta Cecilia Kebab Lasarte Ostadarren garaipenak asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urtarrilaren 15a

Gipuzkoako 1go (ISU) eta 2. mailan (Cecilia Ostadar) aritzen diren herriko bi taldeek hiruna puntu poltsikoratu zituzten 2016an jokatutako lehen jardunaldian.

Bolada onean dira Eneko Molinak entrenatzen dituen mutilak; lau garaipen erdietsi dituzte jarraian, pasa den ostiral gauekoa kontatuta. Hirugarren postuan den Iurre Tabernaren aurka neurtu zituen indarrak ISUk; partidu gogor eta orekatu baten ostean, 3-2 irabazi zuten herritarrek. Sailkapeneko goiko taldetxoan sartu da ISU: bosgarren postuan da Eneko Molinak zuzendutako taldea, 22 punturekin. Partida bakarrera dauka bigarren postua. Arerio zuzen baten aurka jokatuko dute gaur, 23 puntu dituen Pescados Ferreres taldearen aurka hain zuzen. 

Cecilia Kebab Lasarte Ostadar estreinakoz ari da 2. mailan eta sasoi ezin hobea burutzen ari da. Ligako lidertza berreskuratu du asteburu honetan, Idiazabal Gorrotxategi 2-0 garaitu ostean. Edu Menak entrenatutako taldeak hamaika partidu jokatu ditu orain arte, eta ez du bakar bat ere galdu; zazpi irabazi eta lau berdindu ditu. Alustiza Autobusak Orio taldearen kantxan ariko dira bihar herritarrak, Karela Kiroldegian, 18:10ean.