Hiru aste besterik ez dira geratzen Inauterietarako. Festa giroak Lasarte-Oria hartuko du berriro ere. Aurtengo gaia itsasoa da eta jantzia prestatzen hasteko garaia da.
Baina ez da garai honetan erabiltzen den jantzi bakarra izaten, Lasarte-Orian Euskal Inauteriak ere antolatzen baitira.
Aurten aldaketa eta berrikuntza asko iragarri dizkigute antolatzaileek. Baina egitarauko puntu batzuk zehazteke daudenez, ez dute ezer aurreratu nahi.
Hala ere, Euskal Inauterietan parte hartzeko deia egiten diete herritarrei eta horretarako, txantxo jantzia prestatzera edo egitera animatzen ditu, baita dantza ikastera ere.
Ttakun kultur elkarteak hau prestatzeko ikastaroa egingo du hurrengo asteetan. Baina ez da hau Euskal Inauterietako aurrekari bakarra izango, 'Plaza dantza' ekimeneko saioetan dantzak entsegatuko dira eta 'Korrotik Pikutara' hitzaldia ere eskainiko baitute Oier Araolaza eta Gari Otamendik.
Jantzi ikastaroa
Aipatu legez, Txantxo jantzia egiteko ikastaroa antolatu du Ttakun kultur elkarteak. “Iaz ere egin genuen eta ekintza polita iruditzen zaigu birziklapena lantzeko,” aipatu dute ikastaroko arduradunek.
Haur zein helduei zuzendutako ikastaroa izango da eta bereziki, Euskal Inauterietan parte hartu nahi dutenei begira antolatu da.
Bi saio izango dira bata urtarrilaren 18an, asteartea 17:30 eta 19:00ak bitartean eta bestea 23an, larunbatean 11:00etatik 12:30era eta Osasun Zentroko 2. solairuko balioanitzeko gelan egingo dira.
Txantxo jantzien oinarria zakua izango da eta antolatzaileek banatuko dituzte saioetan.
Parte hartzaileek berriz lastozko txano bat eraman behar dute, baita oihal zaharrak ere.
“Oihal zatiekin zakua eta lastozko txano apainduko ditugu,” adierazi dute.
Txantxo jantzia
Euskal Inauterietan parte hartu nahi duten eta saio hauetara joan ezin diren herritarrek txantxo jantzia etxean egiteko aukera dute.
Mozorro koloretsua Miel Otxinen antzekoa edo zakuz egina Ziripoten antzekoa, edozerk balio du inauterietan.
Soinean, blusa (sanpedrotakoa), amonaren sukaldeko bata, aitaren hippy garaiko alkandora edo arpillera zakua jantzi daiteke.
Azpikogona eta galtza modura, mahoizko prakak, loredunak, pijama zaharra, koloretako edozein galtza...
Oinetan artilezko galtzerdiak, abarkak edo botak eraman daitezke.
Eta buruan, lastozko txanoak edo kukurutxoa, dena zinta politez josia edo bestelako txapel bat, beltza edo koloretakoa.
Ez ahaztu aurpegia ezkutatzea; horretarako ipini oihal fin bat kapelatik zintzilikatuta edo maskara gisa, arnasa hartzen utziko dizuna, nahi izanez gero egin ikusteko eta arnasa hartzeko zuloak.
Eskuetan erratza, makila, zartagina, ferratzeko mailua, sardea, txintxarriak, kanpaitxoak eraman ohi dituzte.
Dantzak ikasi
Baina jantziaz gain, dantzak ere jakitea ongi dator. Horretarako, 'Plaza dantza' ekimeneko saioetan Euskal Inauterietako desfilean zehar edo Okendo plazan egingo diren dantzak entseiatuko dira.
Entsegu ireki hauek bi astearteetan, urtarrilaren 19 eta 26an egingo dira, 20:00etatik 21:30ra, Sasoeta ikastetxeko gimnasioan.
Beraz, dantzak ikasi eta Euskal Inauterietako konpartsan parte hartu nahi duten herritarrek ezgaldu aukera eta hurbildu saio hauetara.
Hitzaldia
Bestalde, euskal dantzaren historia aztertzen duen 'Korrotik Pikutara' hitzaldia berezia ere antolatu da.
Hitzordua urtarriaren 27an, 19:00etan Sasoeta ikastetxeko gimnasioan izango da.
Bertan Oier Araolaza eta Gari Otamendik euskal dantzaren historia bat kontatu eta gorpuzten dute.
Dantza molde zaharretatik gaur egungo dantza formetara egindako bidea egingo dute. Korroan edo borobilean hasi, eta dantzak nola joan diren aldatzen erakutsiko dute, soka-dantza, ingurutxo eta kontra-dantzetatik pasaz, bikote dantzetara iritsi eta azkenik norbanako bihurtu arte. “Taldetik indibidualera, borobiletik dispertsiora, korrotik pikutara joan omen dira aldatzen gure ohiko dantzak”.
Hitzaldi-dantzatu moduan aurkezten den ekitaldia da, beraz, ibilbide hori hitzez eta dantzaz aurkezten dute.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 16 urte baino gehiagoko herritarrei zuzendutako ekintza da.
Hizlariak
Gari Otamendi dantzaria eta musikaria da. Añorgako Arkaitz eta Donostiako Argia dantzari taldeetako dantzaria da, dantzan.eus-ko kidea da, Gipuzkoako Dantzagunean egiten du lan, eta hainbat musika, bertso eta dantza talderekin jotzen du arrabita.
Oier Araolaza dantzaria da, Eibarko Kezka eta Donostiako Argia dantzari taldeetako dantzaria da, dantzan.eus-eko editorea eta Mikel Laboa Katedrako bekaduna da.
Izena ematea
Ikastaroan eta hitzaldian parte hartzeko izena ematea beharrezkoa dela jakitera ematen dute Ttakun KEko kideek.
Txantxo jantzi ikastaroan izena emateko lau aukera daude: Ttakun KEko bulegora hurbildu, aisia@ttakun.eus helbidera edo 695 785 392 WhatsApp zenbakira mezua bidali eta 943 37 14 48 telefono zenbakira deitu.
Hitzaldi bereziaz gozatzeko berriz, bulegora hurbildu edo 943 37 14 47 telefono zenbakira deitu beharko dute interesatuek. Urtarrilaren 22ra arte izango da izena emateko aukera.
'Plaza dantza' egitasmoko entsegu irekietara hurbiltzeko ez da inskripziorik egin beharko.