Mailari eusteko pauso garrantzitsua

Txintxarri Aldizkaria 2015eko apirilaren 12a

Atzo arratsaldean, Ostadar SKT-ko futboleko Ohorezko erregional mailako taldeak Aloña Mendi taldearen aurka jokatu zuen Michelingo zelaian. Lasarteoriatarrek markagailua aurka izan zuten bitan baina azkenean puntu bat etxean geratzea lortu zuten. Mikel Medina entrenatzailearen ustetan puntu hau nahikoa da mailari eusteko.

Atzo arratsaldean Michelingo futbol zelaira hurbildu ziren herritarrek Ostadar SKT eta Aloña Mendi Erregional Ohorezko mailako taldeen arteko partida zirraragarria ikusi ahal izan zuten. Ostadar SKTk puntuak behar zituen Ohorezko Erregional mailari matematikoki eusteko.

Mikel Madina eta Gabi Sanchezek zuzentzen duten taldeak ez zuen partida ongi hasi eta ondorioz, lehen 15 minutuetan Aloña Mendik gola sartu zuen. 

Hala ere, herriko taldeak ez zuen amore eman eta 20 minututan partidari buelta eman zion. Baloiaren jabe egin eta berdinketaren gola egin zuen Egoitz Rodriguezek. Ostean, aurretik jartzeko aukera ugari izan zituen Ohorezko erregionalak baina ezin izan zuen baloia arerioaren atean sartu.

Atsedenaldia ongi etorri zitzaion Ostadarreko taldeari eta gogotsu atera zen zelaira. Nagusi izan zen lehenengo minutuetan, baina Aloña Mendi akats batez baliatu zen bigarren gola egiteko. Honek min handia egin zion talde lasarteoriatarrari eta 15 bat minutu galduta egon zen, zer egin jakin gabe. Baina momentu txarrenetan indarrak ateratzen direla argi utzi zuten erregionaleko mutilek eta Egoitz Rodriguezek bigarren gola egin zuen. Markagailua binakako berdinketarekin utziaz.

Bi taldeek garaipenaren gola bilatu zuten partidako azken minutura arte. Ostadarrek hainbat aukera izan zituen bai falta, baita korner jaurtiketei esker. Azkenean puntu bakarra eskuratu zuten herritarrek.

Mailari eutsi

Mikel Medina entrenatzaileak ontzat hartu zuen lortutako puntua. Izan ere, 35 punturekin matematikoki Ohorezko Erregional mailari eutsiko baitiotela deritzo. "Hala ere, gu hobeak ginen eta gure akatsek bi puntu galtzera eraman gaitu," aipatu zuen.

Sei jardunaldi geratzen dira denboraldia amaitzeko eta hurrengo partidak zailak direla ohartarazten du entrenatzaileak. "Hurrengo astean Aurreraren aurka dugu partida. Liderra da eta honetan partida polita jokatu ahalko dugula uste dugu. Eta hemendik bi astera, Tolosa hirugarren sailkatuaren aurka dugu norgehiagoka".

"Taldeak denboraldia ongi bukatzea nahi dugu, sentsazio onarekin eta horretarako lan egingo dugu astea hauetan," aipatu du.