Rataplanak Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urtarrilaren 20a

Danborra, mantala eta sukaldari txanoa, kolore zuri urdinak izan ziren nagusi astearte arratsaldean Lasarte-Oriako ikastetxeetan. Sarriegi eta beste hainbat doinuren erritmora gaztetxoek San Sebastian eguna ospatu zuten.

Urtarrilak 20a, Donostian egun garrantzitsua da, San Sebastian eguna. Danbor eta kupel hotsek Sarriegiren doinuen erritmora Donostiako auzoetako kaleak jai giroan murgiltzen dituzte. Baina Lasarte-Orian ere, jai horrek badu bere isla. Etxeko txiki eta gaztetxoek bezperan ikastetxeetako patioak eta inguruak rataplanez bete zituzten. Dotore haiek egindako jantziak soinean zituztela, ederki astindu zituzten danborrak guraso eta senideei hain trebetasuna erakutsiz.

Herria alaituz

Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko txikienak izan ziren lehenengoak Sarriegiren martxak jotzen. Eguraldia lagun, Zumaburuko ikastetxea eta Isla plaza arteko bide egin zuten txintxo-txintxo eta bertan eskaini zuten emanaldia.

San Sebastian martxa, Tatiago edo Errealaren ereserkia jo zituzten plazan eta bildutako senide eta herritarren gozamenerako.

Sasoetako erakinean ere izan zen jaia. LHko gaztetxoak ez ziren gutxiago izan eta doinuen eta zuzendarien erritmoari ederki jarraitu zioten.

Garaikoetxean eta Landaberrin ere entzun ziren danbor hotsak San Sebastian bezperan. Atsobakarreko eraikineko gaztetxoek euren trebezia erakutsi zuten guraso eta lagunen aurrean; doinu ezagunenak jo zituzten zuzendari gaztetxo eta helduen laguntzaz.

Zubieta inguruan apur bat beranduago hartu zuten lekukoa, 16:10 inguruan. Anfiteatro zabalean aritu ziren ikasle eta irakasleak, sukaldari jantzi zuriak soinean, Donostiako egunari euren omenalditxoa eskainiz.

Danbor-joleen guraso eta lagunek gogotik gozatu zuten gaztetxoen emanaldiez. Batek baino gehiagok argazki eta bideoak grabatu zituen sakelekoak zein kamerak eskuan.

Txintxarrik ere bildu ditu atzoko hainbat irudi, argazki galeria eta bideoteka bana eginez.