EHBilduk alkategaia eta zinegotzigaiak ostegunean plaza-irekian aukeratuko ditu

Txintxarri Aldizkaria 2015eko martxoaren 23a

Lasarte-Oriako EHBilduk, martxoak 26, osteguna 19:00etan Trinketean hauteskunde zerrendaren aukeraketa eta aurkezpena egingo du.

Orain artekoa ”intensoa izan da, lan asko egin da eta ibilbide emankor eta parte-hartzailea izan du” .

Prozesuari hasiera emanez, plaza ireka egin zen taldekako lanak burutuz prozesua definitzeko. Legegintzaldiaren balorazioa egiteko, herritarren artean inkestak banatu ziren, ”ahalik eta balorazio parte-hartzaileena izateko asmoz”. 540 inkesta jaso ziren eta bertako informazioarekin, alkate eta zinegotziek egindako balorazioarekin eta udalak duela 2 urte egindako inkestaren emaitzekin atera ziren ondorioak.

2030 urterako eta epe mo-tzerako erronkak definitzeko arlokako bilerak egin ziren, 100 pertsona ingururen parte hartzearekin. Hortik eta alkate eta zinegotziek burututako lanaren ondorioz, hainbat erronka definitu ziren. Ondoren, bigarren inkesta banatu zen herritarren artean, programarako arlokako lehentasunak definitzeko eta alkategai eta zinegotzigai izateko proposamenak jasotzeko. ”Emaitza emankorra izan da, 340 inkesta jaso dira. EHBilduren programako lehentasunak inkesta hauetatik jaso dira, baita alkategai eta zinegotzigaiak ere” .

EHBildu, inkestetan alkategai eta zinegotzigai izateko proposatutako pertsonekin harremanetan jarri da, 89 proposamen zeuden, eta ostegunean herritarrek EHBilduk parte-hartze prozesuaren ondorioz osatutako zerrendari baiezkoa edo ezezkoa emateko aukera izango dute.

Hauteskunde zerrendaren aukeraketa eta aurkezpenaz gain, ”trinketea sagardotegi eraldatzaile bihurtuko dugu, pintxo poterako gune eta hainbat musika eta dantza ekitaldi izango dira” .

Herriko EHBilduk, ”osteguneko plaza irekian parte hartzeko gonbita luzatzen die bertaratu nahi duten guztiei” .