Lasarte-Oriako Udalak arlo ezberdinetan eskaintzen dituen zerbitzu eta ikastaroetan euskararen erabilera sustatu eta handitzea du helburu. Horretarako erabiltzaileen hizkun-tza ezaugarrietara egokitzeko metodologia jartzen da martxan Lasarte-Orian, zein Buruntzaldeko herrietan.
Honen arabera, hiru multzo bereziten dira:
- A taldea. Partaide guztiek edo ia guztiek uler-tzen dute euskara. Ondorioz, ikastaroa euskaraz edo nagusiki euskaraz emango da.
- B taldea. Partaideen erdiak baino gehiagok ulertzen du euskara. Beraz, ikastaroa ia erabat euskaraz emango da. Euskara ulertzeko zailtasuna duenari azalpenak gaztelaniaz emango zaizkio.
- C taldea. Partaideen erdiak baino gutxiagok ulertzen du euskara. Gauzak horrela, ikastaroa nagusiki gaztelaniaz emango bada ere, euskarari sarbidea emango zaio agurrean, animozko hitzetan, etab.
Euskaraz
Metodologia honi jarraikiz, joskintza eta konponketa ikastaroetan nagusiki euskaraz egon dira lanean. Sara Ferreira irakasleak azaldu digunez, “printzipioz klasearen arabera erabaki behar genuen zein hizkuntza erabili. Ikasle euskaldun edo erdaldunen kopuruaren arabera alde batera edo bestera jo. Gehiengoak euskaraz mintzatzen bazuen, euskaraz emango genuen, baina gehiengoa erdalduna baldin bazen, gazteleraz egingo genuen eta ikasle euskaldunei euskaraz mintzatuko nintzaien”.
Hala ere, ikasturte honetan ikastaroa euskaraz eskaintzeko ikasleekin negoziaketa txikia egin zuela aipatu digu, “gehiengoa erdalduna zela jakin arazi zidaten, baina azkenean bazekiten euskaraz. Ulertzen zuten, baina ez ziren asko hitz egiteko gai. Orduan klase guztiaren artean gauza dinamikoak erdaraz egitea erabaki genuen, denok ondo ulertzeko. Baina bestela giroa euskalduna da”.
Azpimarratu duenez, “joskintzako hitz teknikoak gazteleraz ulertzea errazagoa da. Hiztegi aldetik ere nahiz eta ahalegindu, barrenak sartu esan beharrean, bajuak hartu esaten dugu”.
Aurreko lana
Zailtasunik ez du aurkitu ikastaroa emateko garaian, baina lehenengo urtean hiztegia modu berezian landu behar izan zuela onartu du. “Bigarren urtea da ikastaro hau ematen dudala. Zailtasuna bere momentuan pasa nuen. Denbora hartu behar izan nuen hasieran prestatzeko, joskintzako hiztegia euskaratu bainuen. Finean, nik neuk erdaraz ikasi nituen hitz teknikoak. Esate baterako, contorno de cintura, gerri buelta edo aldaka buelta. Ordenagailu eta hiztegi aurrean denboratxo bat behar izan nuen, euskaraz gauzak nola esan zehazteko... Eta niri ere primeran etorri zitzaidan. Nahiz eta euskalduna izan, lan kontuetan erdaraz egin dut beti eta erronka txiki bat izan zen. Baina uste dut ondo egin diodala aurre”.
Irakasleak elebidunak izatea onuragarri ikusten du, “nire kasuan, beste klase batzuk erdaraz eskaintzen ditut, baina ikasleekin euskaraz mintzatzen naiz”. Horregatik, bai irakasleek bai ikasleek hizkuntza aukeraketa honetan zer esana izatearen alde agertzen da. “Euskaldun giroa izatea oso polita da, baina ulerkorra da jendeak jakin ez izatea eta ez da erraza horrelako klase bat guztia euskaraz ematea eta ondo ulertzea. Eta aukerak ematea beti ongi dagoela iruditzen zait”. Era berean, lasarteoriatarrak ikastaroak euskaraz egitera animatuko lituzke,“giro polita sortzen da eta nire ustez primerakoa da euskaraz egin ahal izatea”.