ATG (Aficionados al Tenis de Gipuzkoa-Gipuzkoako Tenis Zaletuak) probintzia mailan txapelketak egiteko asmoz sortutako elkartea da eta Lasarte-Oriako torneoa zirkuitu horren barnean kokatuta dago.
Antolatzaileek iazko arrakasta errepikatu nahi dute. Printzipioz, horretarako baldintzak betetzen ditu txapelketak. Banakakoan 38 tenislarik eman dute izena eta binakakoan zortzi bikote arituko dira lehian.
Horietako bost dira lasarteoraiatarrak: Fermin Tena, Javier Velasco, Alex Garcia, Santi Lorenzo eta Ander Huegun. Iazko garailea Inko Mugika ere Michelineko pistetan izango da, txapelketa irabazteko hautagai nagusia dena. Bera da ATGko bat zenbakia. Dena den, aurten pilota ongi astintzen duten lauzpabost gaztek eman dute izena eta Mugikari gauzak zail jartzen saiatuko dira.
Torneo 'erakargarria'
“Torneo polita da, jendeak urte hasieran beti galdetzen digu ea Lasarte-Oriako torneoa antolatuko dugun”, dio Mikel Espinal ATG zirkuituko antolatzaileetako batek.
Michelingo pisten ezaugarri nagusia pista “azkarra" izatearena dela dio Espinalek: “Gipuzkoako azkarrenetakoa da, azkarrena ez bada. Ongi babestuta dago haizearengandik eta gainera ez da urik sartzen. Jendeak urtero etorri nahi izaten du”.
Hala ere, aurten txapelketak aldaketa batzuk ere jasango ditu. Izan ere, partiduak larunbat eta igande goizetan jokatu beharko dira nahitaez, arratsaldeetan pistak hartuta daudelako.
Koadro bidezko txapelketan aurrera egiten duten tenislariek apirila amaierara arte edota maiatza hasierara arte jokatu ahal izango dute, orduan jokatuko dira finalak.
Hori bai, lehen partidua galtzen duena automatikoki 'Quick' txapelketan sartuko da, “gutxienez Lasarte-Orian bi partidu jokatu ditzan”, Mikel Espinal antolakuntzako kideak azaldu bezala.
ATG zirkuitua
ATG probintziako tenislari amateurren zirkuitua da, denera 24 txapelketa antolatzen dituzte Gipuzkoan eta ondoren zerrenda bat egiten dute, tenislaririk erregularrena zein den jakiteko.
Martxoaren 9an eguneratutako rankingean 202 tenislari ageri dira punturen batekin. Fermin Tena da lasarteoriatarrik onena, zerrendako 11. postuan ageri da herritarra.