Erorketak saihesteko gomendioak

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mar. 13a, 10:13
Etxean zein etxetik kanpo gertatzen diren erorketak ekiditeko aholkuak eman zituzten adituek asteazkenean Biyak Baten egindako saio berezian. Batez ere adineko jendeari zuzendutako jardunaldia izan zen eta parte hartze handia ikusita, beste saio bat antolatuko dela aurreratu zuten. Gaia jendearen interesekoa dela argi geratu zen.

Biyak Bat jubilatuen egoi-tzan egin zen asteazken arratsaldean erorketak saihesteko hainbat adituk eskainitako saioa. Bi orduko iraupena izan zuen eta honen baitan alor ezberdinak jorratu ziren. Goraino betetako hitzaldi aretoan lehena hitza hartzen Tolosaldeako Osasun Publikoko Nagore Errasti izan zen. 

Osakidetzak landuta dituen arrisku eta aholkuak azaldu zizkien bertaratutakoei argazki ezberdinen laguntzaz. 

Eroriko gehienak etxean gertatzen direla azaldu zuen eta etxean aldaketa gutxi batzuk eginda hauetako asko saihestu daitezkeela azpimarratu zuen. 

Adibidez, sukaldean, tresnak eskura eduki, entxufeak ez gainkargatu edota zorua lehor eta garbi edukitzea komenigarria dela esan zien. Bainugelan, bainuontziaren ordez, dutxa heltzeko barrekin jartzeko aholkatu zien, alfonbratxo irristagaitzak jarri dutxa barruan eta kanpoan.  Pasoa galarazten duten altzari eta trasteak kendu baita alfonbrak eta oinzatarrak, edo sistema irristagaitzekin katigatuta edukitzea gomendatzen da.

Etxetik kanpo, zentzuz jokatzeko eskatu zien Aranburuk “zebrabideetatik edo semaforodun pasabideetatik igaro, makuluak, bastoia edo taka-taka erabili beharrezkoa ikusten duzuenean. Kalean lanak dauden lekuetan kontuz ibiltzea eta lotu gabeko animaliekin arretaz jokatzea”. 

Osasun arazoak
Jarraian, Leticia Escalante Lasarte-Oriako anbulatorioan lan egiten duen erizainak hitz egin zien erorketak eragin di-tzaketen osasun arazoen inguruan. Erorketen eraginez sortutako lesioen zaintzaz ere aritu ziren edota zorabioak eragin ditzaketen botiken inguruan. Ikusmen eta entzumen ona edukitzea segurtasunez etxean zein kalean ibiltzeko tresna garrantzitsuenak direla gogorarazi zien erizainak.
Azkenik, Kiroldegian lan egiten duen Bizkortzen enpresako Valentin Cabrejas ariketa fisikoa egin eta arin mantentzearen garrantziaz jardun zen. 

Bertaratutakoek galderak egiteko aukera izan zuten saioaren bukaeran.

Parte hartze handia ikusita, antolatzaileek beste saio bat aurreikusi dute Biyak Baten bertan. 

Gaia garrantzitsua dela eta, halako prebentzio jardunaldiak egin behar direla aipatu zuten.