Denera 60 gaztetxo elkartu ziren Michelingo areto-futboleko zelai estalian. LOKEko atletek antolatutako ekintzak amaitu ostean, dutxa bero bat hartu eta etxerako bidea hartu zuten gosez bazkaltzeko. Hainbat saio egiten dituzte ikasturte osoan zehar eta Eskola kiroleko benjaminen denboraldia lau zatitan banatzen dute horretarako. Denboraldiaren lau zatietako bakoitzean kirol nagusi bat egiten dute 9-10 urteko gaztetxoek: Saskibaloia, errugbia, eskubaloia eta futbola. Kirol horiekin batera, multikiroleko saioak egiten dituzte. Hau da, larunbateko topaketen antzekoak prestatzen dituzte igeriketa, judoa, atletismoa, gimnasia erritmikoa, pilota eta txirrindularitzaren inguruan: "Gaztetxoek kirol anitzetan lehen urratsak ematea da bilatzen duguna, betiere euskara mingainean dutela", adierazi du Iñaki Aristondo Ttakuneko lankideak eta Eskola Kiroleko arduradunak.