Lehengo ostegunean, bost herritako alkateak Pablo Barrio Lasarte-Oriakoa, Astigarragako Andoni Gartzia, Ana Carrere Andoaingoa, Usurbilgo Mertxe Aizpurua eta Luis Intxauspe Hernani ko alkatea. Hernaniko Orona Fundazioko eraikinean bildu ziren agentziaren jarduna eta bere dekalogoa aurkezteko.
Era berean, Beterri Garapen agentziaren egoitzako ateak martxoaren 25ean, arratsaldeko 18:00etan irekiko direla ere jakitera eman zuten.
Egoitza Hernaniko Florida auzoan dagoen Gabriel Zelaia eraikinean dago eta hau ezagutzeko aukera izango dute martxoaren 25ean bertara hurbiltzen diren herritarrek.
Dekalogoa eta proiektuak
Agerraldian agentziak jarraituko dituen 10 puntuak aurkeztu zituzten, hala nola, enplegua sortzeko erreferentziako tresna izatea, pertsonen ongizatea helburu izatea, aholkularitza eta gidaritza eskaintzea edo eragileen dinamizaziorako koordinazio-gunea izatea.
Honetaz gain, garapen agentziak duela bi urtetatik hona eskualdeko enpresa eta erakundeekin elkarlanean ekonomia bultzatzeko martxan zeuden Innoforo eta KOOPeratzen proiektuak hartzen ditu bere baitan Innoforo proiektuak tokikiko eragile eta enpresen arteko elkarlana bultzatu eta aukera berriak sortzeko prozesuak jartzen ditu martxan. KOOPeratzen ekintza, berriz, ekintzaile berriei zuzendua da.
Zerbitzuak
Era berean, garapen agentzia honek tokiko enpresa, ekin-tzaile eta herritarrei eskainiko dizkien sei zerbitzuak aurkeztu ziren. Hauek enplegu-zerbitzua, ekintzaile-zerbitzua, enpresa-zerbitzua, merkataritza sustapena, turismo sustapena eta sektore berrien edo estrategikoen sustapena dira. Garapen agentziaren jardunari buruzko informazio gehiago eskuratu nahiez gero, inauguraziora bertaratuta, www.beterri.eus orrialdean, beterri@beterri.eus helbide elektronikoan edo 943 25 63 47 telefonoan eskura daiteke.