Jesus Zaballos alderdi sozialistako zinegotzi eta alkate gaiak gaur goizean legealdi honetan oposizioan egin duten lanari eta haien aburuz, Udal Gobernuak egindako kudeaketari buruzko irakurketa egin du.
Lehenik Udal Gobernuaren lana aztertu du. PSE-EErentzat "4 urte hauek galdu egin dira. Herriak ez da garatu, zegoen garapena eten da eta arlo batzuetan beharra zegoen".
"Herritar batek Udal batzarrean galdetu zien bezala, zer egin dute udalak zuen milioi euroarekin? Ez dute ezer egin," atxiki du.
Alderdi sozialistak gainera, ez du ulertzen Bilduk irakurketa positiboa egin izana. Zaballosen hitzetan, "datuak eskaini ditu bakarrik eta hauek gastu murrizketak bakarrik izan dira. Ez du azaldu lau urte hauetan zer egin duten".
Bilduk irakurketan eskainitako datuei dagokionez, egia esatea eskatu du Zaballosek. "Konparaketa ez zuten ongi egin. Nik 72.000 euro irabazten nituen gizarte segurantza barne. Baina haiek eskainitako datuan, Pablo Barrio alkateak 40.00 euro irabazten ditu, ez dute gizarte segurantza sartu, hau barne 53.400 euro dira," azpimarratu du.
Hau guztiaz gain, lau urte hauetan PSE-EEk egin duen lana azaldu du. "PSE-EEk proposamen eta emendakin ugari egin ditu, herritarrek behar dutena dakigulako. Hauek atzera bota dira edo onartuak izan dira, eta azken hauek ez dira aurrera eraman".
Adibide ugari
Udal kudeaketa ezaren adibide ugari eskaini ditu hainbat arlotan.
Ongizateari dagokionez, Bilduk eskualdeko Garapen agentzia bakardadean eraman nahi izatea kritikatu du, Enpresa Haztegia martxan ez egotea edo hainbat plan urbanistiko, Teresategi edo Goiegi Gorako Hotela aurrera ez ateratzea. Era berean, janari bankuarekin edo AA elkartearekin izan diren arazoak edo DYA eta Gurutze Gorriarekin hitzarmenak ez berritzea ere aipatu ditu.
Herriaren garapena urbanistikoari dagokionez, inbertsio eza edo lanketa motela izan dela azpimarratu du. "Zabaletako aldapa ez da konpondu, lokalak etxebizitza egiteko legedia berritu behar zen eta ez da ezer egin, Goikaleko reurbanizazioa oso motela izan da. Ez dira Sasoetako lokalak erautsi," aipatu du.
Babes ofizialeko etxebizitzaren arloan ere ezer ez dela egin salatu du, "ez da zozketarik jarri martxan. Ez dira udaletxeak dituen etxe libreak alokairuan jarri. Egin duten zozketa bakarra guk prest utzi genuena da".
"Kotxeraseko plan bereziaren alde bakarrik gaude. Etxebizitza plan bat egitea eskatu genuen eta ez da ezer egin," atxiki du.
Aparkatzeko arazoari ere irtenbiderik ez jartzea azpimarratu du, "Udalak dituen garajeak ez dira alokatu eta gainera gastuak sortzen dituzte".
Kultura, Kirol, Gazteri eta festa arloan ere hainbat gai aipatu ditu, "Kz Gunea ez dute Gaztelekura eraman. Kale hezitzaileei ez zieten kontratua berritu. Okendon egiten dira jaiak bakarrik..."
Kiroldegiko proiektu berria egin dutela, baina dagoeneko bat egina zegoela azpimarratu du. Eta Michelin areto-futbol zelaiko itxitura ez dela egin edo zelaiko lanak denboraldia hasita egin eta autobus gastuak handiak izan zirela ere aipatu du, baita taberna jartzeko proposamena egin zutela ere.
Tximistarreta parkeko kirol ekipamendu proiektua atzera bota eta aisiarako parkea jartzea ere aipatu du, "kirol egiteko leku bat zegoen bertan aurreikusia eta orain ez dago ezer. Euria eginez gero lokatza besterik ez dago parkean".
Antonio Mercero museoa ez jartzea eta Udalak hau herriko erakunde bati lagatzea salatu du, "ez dute dagokion bidea jarraitzen".
Kultura weba eta Garaikoetxeako jangela PSE-EEk martxan jarri zituen proiektuak direla eta jangelaren afera EAJk eraman eta aurrera atera duela adierazi du, ez Bilduk. Ikastetxeen mantenurik eza ere aipatu du.
Barne kudeaketari buruzko hitzak ere izan ditu. "Aurrekontuak kanpoko enpresa batek egin zituen legealdiko lehen urtean; etxebizitza sailan aholkulari bat sartu zen, arlo batzutan langileak nahierara mailaz igo edo postuz aldatu nahi izan dira, Lizarragaren epaiketa herritarrek ordaintzea nahi zen..."
PSE-EEren ustetan, lau urte hauetan arduragabekeria besterik ez da egon, "haiek egindako kudeaketa ez da herrian ikusi."
Bilduko zinegotzi guztiak liberatuak direla eta, Udal Gobernuak hausnarketa bat egin beharko lukeela uste du PSE-EEk. "Haiek kobratu duten soldata, ez da herriaren alde egin dutenaren pareko" adierazi du.
Gainera, gardentasun eza egon dela eta eskatutako informeak eman ez zaiela ere salatu zuen, "komunikabideetatik jakiten ditugu gauzak edo Udalbatzarretan, nahiz eta puntu horiek gai ordenean ez egon".
Aldizkaria
Hau guztia azaltzeko alderdi sozialistak Lasarte-Oriaren alde lan eginez aldizkaria argitaratu eta egun hauetan etxeetan banatuko du.
"Hauek guztiak herritarrengan ondorioak dituzten arazoak dira eta hurrengo hauteskundeetan herritarrek guztia kontuan izan dezaten nahi dugu. Haien alde lan egingo duen alderdia bozka dezaten," aipatu du Zaballosek.