Lasarte-Oriako talde sozialistak oposizioan egin dituen azken lau urteak EHBilduren ustetan, “iruzurretan, manipulazioetan eta gezurretan oinarritu dituzte EHBilduko gobernuaren kontra eta ez soilik modu kolektiboan baita pertsonalean ere. Honek guztiak beraien gaitasun politiko eza eta herritargoari bizipoza eta ilusioa eman dion aldaketarekiko inpotentzia adierazten du, aldea nabarmena baita eguneroko lanean, herritarren parte hartzean, gardentasunean eta gobernatzeko modu arduratsuan eta alde batetara utzi baitira antzinako inertzia klientelista eta diru xahuketa”
Azken lau urte hauetan EHBilduk dio “krisi ekonomikoaren erdian eta aurreko urteetan izandako aurrekontuen erdiarekin” proiektu ugari aurrera eraman direla. Hala nola, “hirugarren sektorea indartuz bertako ekonomia sustatzea, zerbitzu sozialen indartzea, hobarien eta exentzioen ordenantzaren onarpena behar handiena duten familientzat tasa sistema mailakatuak finkatuz, udaletxeko lan baldintzak hobetu dira lan hitzarmena lehenengo aldiz sinatuaz, baita kanpo kontratazioei dagokienez Atsobakar eta lorezaintzako zerbitzuetan kontratatutako enpresekin hitz eginaz eta negoziatuaz. Eskubide sozialen alde egindako milaka apustu, egin direnak, eta ziurrenik beste askok berdina esan ezingo dutena”.
Oharrean EHBilduk dio, agintaldi honetan ez direla diru kopuru handiak gastatu, “obra erraldoiak ere ez dira eraiki eta ziurrenik ez ditugu nahiko genituen lan eta hobekuntza guztiak gauzatu, aurreko urteekin alderatuta diru sarreren murrizketek udal aurrekontuen murrizketa ere eragin dutelako”. Azaltzen dutenez, “batetik, ordura arteko diru sarrerak etxebizitzen salmentatik zetozen. Eta bestetik, udalerriko ia lurzoru guztiak enpresa eraikitzaileei eta sustatzaileei salduak zeuden, hauen poltsikoak betez eta herritar askoren etorkizuna hipotekatuz. Azken finean, adreiluaren legea, etxegintzaren burbuila eta pelotazo urbanistikoak”.
Aurrekontu murrizketa hori gaindituz, “Sasoetako baxuak eraisteko lanen hasieratik gertu gaude, auzoaren etorkizuneko berrurbanizatzearen ateetan, auzoaren eskakizun historikoa hau eta nahiz eta konplexutasun handiko lanak izan, behar beharrezkoak direnak. Tximistarretan egin bezala (gaur egunean txiki geratzen ari den espazioa, bertara hurbiltzen den jende kopurua kontuan hartuz), auzotarrekin diseinatutako espazio berriak proposatuz. Honetaz gain, udaran mugikortasun jasangarriagoa lortzeko bidean Donostia eta Lasarte-Oria lotuko dituen bidegorriaz gozatzeko aukera izango dugu. Eta epe motzean, udaleko aurrekontuen onarpenarekin batera Kale Nagusia, Pintore kalea eta besteren bat asfaltatuko da” aurreratzen dute.
Ideien aniztasuna balioan jarritako legealdia izan dela defendatzen du EHBilduk “ez soilik kulturala baita politikoa ere, talde politiko ezberdinen arteko elkarlana eman baita, EHBildu, Lasarte-Oriako Herritarren Plataforma eta EAJren artean kasu. Eta nahiz eta maila apalagoan momentu askotan, baita PSE eta PPrekin ere. Gure iritziz hau da jarraitu beharreko bidea, herritarren beharrak alderdien interesen gainetik kokatutako agertokia. Bide zaila, momentu honetan hauteskundeen gertutasunak ikusmena lainotu eta epe luzerako aurreikuspenak zailtzen baititu, gaur egunean bizi dugun egoera bezalakoak sortuz, denak beta duen agertokia, errespetu falta, gezurra eta jokabide zitalen bidea”.
Jesus Zaballosek, azken adierazpenetan alkatetzari dagozkion datuak zalantzan jartzen zituen, soldatei dagozkien datuak zehazki. “Berriro ere, gezurra erabiliz iritzi publikoa asmo txarrez manipulatu nahian. Gizarte segurantza kontuan izanda, Ana Urchueguiaren soldata 92.000 eurokoa zen eta Zaballos jaunarena 85.000 eurokoa. PSOEko zinegotzi liberatu guztien soldatak gaur egungo alkatearena baino altuagoak ziren. Eta bukatzeko eta argi geratu dadin, udal gobernuak ez du bere agintaldiko balorazioa egin, gardentasun ariketa bat baizik, alkatetzako soldata, publizitate gastuak, protokolo eta telefono deien datuak argitara eman ditu, ez dadin zalantzarik geratu gauzak aldatu direla, eta herri honen irudia kaltetu duten klientelismoa, opariak, diru xahutzeak eta bestelako ekintzak errepikatuko ez direla adierazteko”.