Zuhaitzak mozten eta kimatzen

Txintxarri Aldizkaria 2015eko martxoaren 6a

Herritar asko konturatu da azkenaldian herriko zuhaitz batzuk mozten edo kimatzen ari direla. Urteroko lana da, baina aurten hainbat mozketek herritarren galderak eta alderdi sozialistaren kexa sortu dute. Horregatik Udalak azalpena eskaini nahi izan du. Era berean, hilabete honetan zuhaitz gehiago moztu eta kimatuko dituztela jakinarazi du.

Lasarte-Oriako Udalak azken asteetan zuhaitz mozketak direla eta sortu den ezinegona lasaitzeko azalpenak eskaini ditu. “Urtero, garai honetan, hainbat zuhaitz kimatzen dira: ba-tzuetan zuhaitzak lehortu egin ohi direlako edo erorketa arriskuan daudelako eta besteetan beraien osasun egoera ez delako ona eta konponbiderik ez dutelako”. 

Udalak aipatu duenez, kasu askotan bizilagunak izan ohi dira sortzen dituzten enbarazuak direla medio zuhaitzak mozteko eskatzen dutenak.

Moztu eta birlandatu
Zenbait zuhaitz moztu dira dagoeneko, horietako batzuk Hipodromo Etorbidean kokatuta zeuden bi platanondoak. Enborrean egur ustelgarria zutela eta adarren bat edo zuhaitza osorik erortzeko arriskua zegoela jakinarazi du Udalak.

“Bertan dauden bi platanondoak ez dira kendu, baina etorkizunean agian moztu egin beharko dira, adineko zuhaitzak baitira eta urtero kimaketa gogorrak jasaten baitituzte,” gaineratu du.
Era berean, Zirkuitu ibilbidean kokatuta zegoen urkiak adar batzuk puskatuta zituen eta erorketa arrisku larria zegoen, beraz, kentzea erabaki du Udalak. Parke botanikoan kokatuak zeuden bi gereziondo ere kendu egin direla jakinarazi du.

Eta Zumaburu kalean kokaturik zeuden japoniako bost gereziondoak “lehortuak” zeudenez, kendu eta beraien lekuan berriak jarriko direla adierazi dute. 

Laister kenduko direnak
Beste zuhaitz batzuk etorkizun hurbilean kendu edo kimatuko dituzte. Esate baterako, Sasoetako Antxota kalearen hasieran kokatua dagoen zedro handia. Auzotarrek hala eskatuta kendu egingo da, fatxadatik hurbilegi dagoelako eta arazoak sortzen dituelako. 

Landaberri eskolako Pablo Garaikoetxea zentroko hamabost zuhaitz ere laster kenduko dira. “Batzuk gaixo daude eta adarrak edo zuhaitz osoa erortzeko arriskua dago. Azken urteetan zumarrak herriko kaleetatik kentzen ari gara oso adar ahulak dituztelako eta leku publikoetan arriskua sortzen dutelako. Beste batzuk gereziak dira eta gaixorik daude, onddoak dituzte eta hilzorian dauden seinale da”, adierazi dute Udaleko iturriek.

Beraz, “asko sentitu arren, aldaketa hauek egin beharrekoak dira eta zuhaitzak landatzeko beste antolaketa batzuekin bat egingo dute”, esan dute.