Jende gazte eta eskermentuduna EAJ-ko udal hautagaitzan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko martxoaren 7a

Udal hauteskundeak gero eta gertuago ditugu. Alderdiek haien hautagai zerrendak itxi eta hautagaitzak aurkezteko garaia iritsi da. Gaur eguerdian Eusko Alderdi Jeltzalearen txanda izan da.

Estitxu Alkorta EAJko alkategaiak zerrenda aurkezteaz gain, alderdiaren helburuak eta proiektuaren oinarria azaldu ditu Villa Mirentxu egoitzan egin den agerraldian.

Alkortaren hitzetan talde sendoa eta elkartua aurkeztu du. Taldearen helburu alkatetza da, “ez dut ezkutatu nahi eta esaten dut uste dudalako garai hauetan guk hobeto egin dezakegula," adierazi du. 

EAJko alkategaiaren aburuz, “Eusko Alderdi Jeltzalea benetako alternatiba da Lasarte-Orian, proiektu sinesgarria eta zintzoa aurkezten duena, errealitatean oinarritua eta demagogia eta populismorik gabea. Eusko Alderdi Jeltzaleak Lasarte-Oriako alkatetza lortzeko aukera inoiz baino gertuago du, Bilduk azken lau urte hauetan udaletik erakutsi duen ezintasuna eta PPk eta PSOEk krisiari aurre egiteko ezintasunak eta ahuleziak horretarako bide ematen dute”.

Kudeaketa eta pertsonak

Era honetara, irabaziz gero udal kudeaketan arlo publikoan, zein pribatuan dute eskarmentua erabiliko dutela azpimarratu du alderdi jeltzaleko alkategaiak. "Hemengo jendeen sentimenduak ezagutzen ditugu, gure sentimenduak direlako eta gainera kudeaketan eta lanean trebeak gara, beti gure herritarren zerbitzura,” atxiki du.

Izan ere, pertsona izan behar da sistemaren ardatz nagusia Estitxu Alkorta alkategai jeltzalearen hitzetan, “pertsonentzako eta pertsonengatik egiten dugu lan. Eta hori da gure politikaren adierazgarri nagusia”. 

Legealdi honetan EAJ alderdiak izan dituen udal ardurek pertsonengandik hurbil egoteko eta eurekin elkar eragiteko aukera izan dutela atxiki du. "Pertsonalki, esan beharra dugu benetan oso esperientzia aberasgarria izan dela eta izaten ari dela".

Pertsonetan oinarritutako politika hori aurrera eramateko Lasarte-Oriako Eusko Alderdi Jeltzalea hausnarrean eta lanean ari dela ere jakitera eman du, “Lasarte-Oriako gizarte eragile guztiekin hitz egiten, euren iritziak, ekarpenak eta, zergatik ez, kritikak ere partekatzeko eta horrela, guztiona izango den Lasarte-Oriako etorkizunerako proiektu bat burutu ahal izateko. Hori izango da gure herritarrei aurkeztuko diegun eskaintza”.

Zerrenda

Honako hau dugu EAJk Lasarte-Oriako udal hauteskundeetara aurkezten duen hautagaitza: Estitxu Alkorta, Jon Antxordoki, Boris Nogales, Maria Jesus Iraola, Maria Inmaculada San Sebastian, Goizalde Pildain, Oscar Sevilla, Aizpea Garcia de Andoin, Elisabet Iradi, Santos Aranzazistroki, Lourdes Yarza, Juan Maria Alkorta, Peio Ormazabal Mendiguren, Araceli Diaz de Alda, Juan Maria Iradi, Calixto Maritxalar, Maria Concepcion Alonso, Luis Maria Ansa, Manuel Arroyo eta Maria Soledad Tejeria.