Argazki lehiaketa antolatu du Sasoeta-Zumaburuko guraso elkarteak

Txintxarri Aldizkaria 2015eko martxoaren 8a

Sasoeta-Zumaburuko ikastetxeko guraso elkartearen Kultur Aniztasun batzordeak antolatuta, argazki lehiaketa bat egingo da Lasarte-Orian. Eskolako zein institutoko guraso eta ikasleei zuzendutako lehiaketa da eta gaia ‘Nire herrialdean bizi izandakoaren oroitzapenak’ da.

“Gure eskolan munduko jatorri ezberdinetako pertsonak daude eta beraien jatorrizko herrialdearen jendea, paisaiak, jaiak eta abar ezagutu nahi ditugu”, adierazi dute Burunzpe Guraso Elkarteko kideek. 

Lehiaketaren baldintzak

Parte-hartzaile bakoitzak hiru argazki eraman ditzake, eta erabaki lehiaketarako horietako zein aurkeztu nahi duen.Edozein motatako argazkiak onartzen dituzte, paperean edo euskarri digitalean. 

Argazkiak foto@burunzpe.net emailez bidali daitezke edota disko edo pendrive batean gordeak ere entregatu daitezke. Martxoaren 22ra arte dago argazkiak aurkezteko epea. 

Argazkiak erakusketa batean ikusi ahal izango dira, apirilaren 20-26a bitartean ospatuko den kultur Aniztasun arteko astean. Sarien banaketa apirilarean 25ean izango da, larunbatean, Sasoeta ikastetxean. 

Lehenengo eta bigarren sailkatuentzat saria izango da, bi lagunentzako bazkari bat.
Herritarrak argazkiak bidaltzera animatzen dituzte.