Enara Fernandez Europako txapelketan izango da

jon-altuna-egitegi 2015eko martxoaren 8a

Katalunian, Geronan izango du Enara Fernandez 13 urteko eskiatzaile gazteak orain arteko txapelketarik garrantzitsuena. Ia hilabete geratzen den arren, sasoi puntu onean dago lasarteoriatarra. Espainiako ranking-eko burua da eta orain aurrerapausoa emanda, Europan bere lekua zein den jakin nahi dute Fernandezek berak eta baita Iraitz Etxarri gidariak ere. Ikusmen urritasuna du Enarak, baina ausardiarik ez zaio falta.

Izebak anaia eskiatzera eraman eta hark ere eskiatu egin nahi zuela tematuta hasi zen Enara Fernandez txikitan elurrarekin jolasten. Urtea joan eta urtea etorri gora egin du herriko gaztetxoak eta jolasa lehiaketa bihurtu da modu natural batean. Apirilaren 1ean eta 2an La Molinako eski estazioan orain arteko txapelketa garrantzitsuenari egingo dio aurre, Europako Txapelketan puntuagarria den lau probetako bati hain zuzen.

Kontinente mailan

“Ondo gaude, horregatik animatu gara. Europako txapelketan indarrak neurtu nahi ditugu besteekin, nibela zein den ikusi eta gure burua kokatzeko”, dio Iraitz Etxarri gidariak.

Jakina, kontinente mailako eskiatzaile onenak izango dira La Molinan. Gainera, kategoria bakarrean lehiatuko dute, seniorrenean. Izan ere, Espainia mailan hiru kategoriatan lehiatzen dute, infantil, jubenil eta seniorretan. Europan berriz, guztiak batu eta senior mailako txapelketa soilik antolatzen dute. Ez hori bakarrik, Fernandezek 13 urte bete arte itxaron behar izan dute legez parte-hartzeko gutxieneko adina izan zezan. 

Parte-hartzaile gazteenetakoa izan arren, gutxi egongo dira herritarraren ilusioa berdintzen dutenak. Dena den, Iraitz Etxarri gidariak oinak lurrean dauzka: “Txukun moldatzeko aukerak badauzkagu, baina helburua bestelakoa da, esperientzia hartzen joan eta beste maila batean estreinatzea. Momentuz ez dugu serioegi hartu nahi izan. Ikusteko eta ikasteko txapelketa da Europakoa. Beste mundu bat ezagutu eta, aurpegi ezezagunen aurka lehiatuta termometroan non gauden kokatzea da asmoa”. Dominez hitz egitea gehiegi hitz egitea litzateke gidariaren ustetan.

Urratsez urrats

Halaxe egin nahi dute bidea. Espainiako txapelketak txiki samar geratu zaizkio ordea Fernandezi eta nahikoa puntu baditu jadanik beste behin Espainiako eskiatzaile erregularrena dela erakusteko.

Hala ere, Europakoa baino lehen, Espainiako txapelketa jokatuko dute Pas de la Casan, Andorran, martxoaren 23-24an eta iaz lurrera erori eta Espainiako txapela ihes egiten ikusi zueneko arantzatxoa kendu nahiko du.

Enara Fernandezek gorputz eta arima eskaini nahi dizkio eskiari, prest dago horretarako behar den izerdi guztia botatzeko eta haren ametsa munduko txapelketa batean parte hartzea da. Badu denbora horretarako oraindik 13 urteko eskiatzaile gazteak. 

Komunikazioa oinarri

Jaitsieretan, aurretik Iraitz joaten da eta interkomunikadore bidez hitz egiten dute elkarrekin. Fernandezek esaten dio mantsoago edo azkarrago joan edo behar duen beste edozer gauza. Etxarrik berriz, bihurguneak eta ikusten duena adierazten dio. Talde kirola da. Enarak jartzen du kirol maila, Iraitzek begiak. Elastiko fosforitoak eramaten dituzte, Fernandezek ikus ditzan. Horren bidez eta komunikazioarekin egiten dute bidea. Pausoz pauso eta metroz metroz.