Gregorio Eizagirre eta Gorka Lasa “Laguntza politikoa behar du Saharar herriak”

maider-azurmendi 2015eko martxoaren 8a

Gregorio Eizagirre eta Gorka Lasa Tolosaldea Sahararekin eta Lasarte-Oriako Sahararen Lagunak taldeko kideak dira. Asteaz-kenean Udaletxeko pleno aretoan 19:00etan hitzaldi batean bi elkarteak elkarlanean gauzatutako proiektuak erakutsiko dizkiete herritarrei. Miyic herrian, eskola eta osasun gela eraiki dituzte besteak beste, Tolosa zein Lasarte-Oriako Udalek emandako diru laguntzekin.

Urteak dira Euskal Herrian saharar herriarekiko elkartasun talde ezberdinak lanean ari direla. Tolosaldea Sahararekin eta Lasarte-Oriako Saharako Lagunak dira horietako bi. Hauen elkarlanari esker, lehenengo eskola eta osasun gela eraiki dira Miyic herrian. Proiektu hauek gauzatzeko bi herrietako Udalek diru laguntzak eman zituzten eta “dirua ondo inbertitu” dela erakusteko, hitzaldia emango dute asteazkenean. 

Tolosan hasi zen eskolaren ekimena. Nolatan?

Tolosaldea Sahararekin taldea duela 15 urte hasi zen lanean batez ere, hezkuntzarekin lotutako proiektuetan laguntzeko helburuarekin. 

Duela 7 urte hasi ginen eskola hau eraikitzeko lanetan. Halako proiektu handi bat gauzatzeko diru asko behar genuen eta Tolosako ikastolak aukera eman zigun abenduan antolatzen duen bigarren eskuko gauzen merkatu txikian parte hartzeko. Bertan 7.500 euro bildu genituen lehenengo urtean. Diru asko zen eta urtero bertan egonda berdina eskuratzeko aukera izanda, posible ikusi genuen eskola eraikitzea. 

Non dago eskola?

Frente Polisarioarekin hitz egin eta esan genien asmoa eskola lurralde liberatuetan egitea zela. Zergatik? Saharak lortzen badu independentzia, eskolak hor jarraituko duelako eta ez kanpamentuetan, horiek noizbait eraitsiko dira. Arrazoia pisuzkoa iruditu zitzaien eta Miyic herrian eraikitzeko eskaera egin zuten, ia Mauritanian, Sahara erdi aldean. Hango arkitektoari proiektua eskatu eta 45.000 euroko proiektua aurkeztu zuen. Elkarte txikia ginela eta, urtero 10.000 bat euro lor-tzea posible ikusten genuen, baina gehiago behar zen hasteko. Tolosako ikastolak faltan genuena utzi zigun urtero azoka txikian egoteko konpromisoaren truke. Bultzada horrekin hasi ginen. 

Nola sortzen da harremana Lasarte-Oriako taldearekin?

2009an lehenengo Sahara Maratoian ezagutu ginen. Tomas eta Gorkarekin harreman estua sortu zen. Proiektuan inplikatu eta bi Udaletan laguntza eskatzeari ekin genion. Ordurako diru kopuru txikia falta zitzaigun, 3.500 euro inguru eskola bukatzeko. Lasarte-Oriako udalak 3.400 euro eman zizkigun eta eskola bukatu genuen. Eraikinaz gain, materiala ere jarri dugu. 

Nolakoa da eskola?

Hiru gelako eskola da, 3 eta 13 urte arteko 120 umerentzat. Hala ere, herri nomada da eta eguraldiaren arabera, ume gehiago edo gutxiago joaten direla eskolara.

2012ko udan joan ginen umeen bila egin ohi dugun bidaiaren baitan. Lan batzuk egiten ditugu kanpamentuetan eta umeekin (350) egiten dugu Euskal Herrira bidaia. Egun batzuk gehiago han egiteko aukera genuenez, eskola ikustera joan ginen Gorka eta biok. 2 eguneko bidaia deserosoa izan zen. 800 kilometroko distantzia da, baina hori basamortuan asko da. 

Gainera, bahiketa batzuk gertatu zirela eta, segurtasun neurriak oso zorrotzak ziren eta militar jeep batek egin zuen bidaia gurekin. Aldaketa handia izan zen, izan ere, ordura arte lasai mugitu izan ginen kanpamentuetan.

Hara iristean eraikina besterik ez genuen ikusi, oraindik barrutik gelen banaketa besterik ez zegoen eginda. Sentsazioa hotza izan zen. Harrera egin ziguten agintariek, eskerrak eman eta beharren zerrenda eman ziguten bueltan. Kotxe bat behar zuten umeak eskolara eraman ahal izateko. Nomadak izaki, batzuk nahiko urruti bizi dira. Konpromisoa hartu genuen Jeep bat lortzeko. 

Ez zen eskaera bakarra izan...

Ez, beraiek ere oso beharrezkoa ikusten zuten osasun gela bat. Gertuen zuten erie-txea 100km baino gehiagora dagoelako. Erronka handia zen berriz, 30.000 euro lortu behar genituen. 

Udaletan eskatu eta urte bete pasata, Lasarte-Oriakotik 7.700 euro jaso genituen. 2014ko urrian, Tolosakoak 5.000 euro eman zizkigun kotxea erosteko. 

Kotxea erosi zen eta osasun gela dagoeneko hasita zegoenez, guk lortutako lagun-tza horiekin bukatzea lortu zen. Bi eraikuntzek Euskal Herria izena dute.

Erietxe txiki honek, erditzeko gela txukun bat du, beste bat kontsulta pasatzeko eta erizainentzat beste bat. Gelatxo bat du ere, eraikina zaintzen duen pertsonarentzat.  

Osasun gela martxan dago?

Abenduan han izan nintzen  eta “modu ofizialean” inauguratu genuen. Oso pozgarria izan zen bisitan eskola bere eguneroko martxan ikusi ahal izatea ere. Tamalez, mina batek eztanda egin zuen handik egun batzuetara eta zauritu horiek artatzeko erabili zen lehenengoz Euskal Herria osasun gela.

Zein da hurrengo erronka?

Erremolke frigorifiko bat erosi nahi dugu materiala eta elikagaiak bertaraino eramateko. Orain kontainerrak alokatzen dira eta hauek berehala hustu eta banaketa oso azkar egin behar dute. Erremolke berria Miyicera zuzenean joango litzateke. 8.000 euro lortzeko lanean ari gara. Dinamika horretan sartuta gaude izan ere, beharrak asko dira. Maia-tzean elikagaiak eta eskolarako materiala eramango ditugu.

Umeak ere laster etorriko dira…

Azken urteetan bezala, udaran haurrak ekartzeko familiak behar dira. Gipuzkoan 60 inguru falta dira. Lasarte-Orian 2. Azken urte hauetan oso zaila izaten ari da familiak lortzea nahiz eta askoz haur gutxiago ekarri. Guztira, 2009an 9.000 ume ateratzen ziren kanpamentuetatik eta egun 5.000 dira. Aldea oso handia da. 

Esperientzia oso polita dela esango nuke. Ez da beti erraza izaten, batez ere lehenengoz etortzen diren haurrekin, baina familiak animatu nahi genituzke esperientzia hau probatzera. 

Zein da kanpamentuetako egoera?

Momentu honetan laguntza politikoa eskatzen ari dira. Kanpamentuetako gazteak armak hartzeko prest daude, oso nekatuta daude 40 urtez luzatzen den egoera honekin. Inork ez die kasurik egiten, Espainiako gobernuak ez ikusiarena egiten du...

Gure ustetan lurralde okupatutik egin behar da lan, bertako jazarpena handia izan arren. Protesta ekintzak ugaritzen ari dira eta egoera benetan zaila da. Guk salatzen dugu gobernuek duten jarrera eta behingoz gaia hartzea eskatzen dugu. 

Horrekin batera, Hassanari elkartasun guztia azaldu nahi diogu. Hassana Aalia ekintzailea ez da isilik geratu, bere herriaren egoera salatu du hemen. Hernanin guztiz integratuta dago eta gure ustez, ez da kasualitatea bizitzen ari den egoera. Bi hilabetetan jakingo da zer gertatzen den, bidaltzen badute, espetxea izango du zain.

Zein izango da hiltzaldiaren helburua?

Udalak guztira 11.000 euro eman dizkigu eta diru horrekin egin duguna herritarrei erakutsi nahi diegu asteazkenean pleno aretoan 19:00etan izango den hitzaldian.