LHko bi ikastetxeetako 1.300 ikasle inguru ari dira Eskola Agenda 21 proiektuan parte-hartzen beraien ikas-komunitate osoaren inplikazioarekin.
Eskolako Agenda 21ak, hiru ardatz nagusi lantzen ditu: kurrikuluma, ikastetxearen kudeaketa eta parte-har-tzea herrian. Atal hauek gai desberdinen inguruan landu izan dituzte: ura, biodibertsitate naturala, aniztasun kulturala, elikadura...
Hasteko, ikastetxea bera aztertzea tokatzen da. Diagnostikoa egin ondoren, zertan hobetu daitekeen aztertu behar da eta ekintza plan bat osatua.
Ondoren, ikastetxe inguruko auzoan gertatzen dena aztertzen dute.
Herri mailako partaidetza lantzeko, ekintza batzuk burutzen dituzte bai ikastetxean eta baita ikastetxetik kanpo ere, eta ondoren, lortutako emaitzekin, norberak bere egunerokotasunean bete beharreko hainbat konpromiso hartzeaz gain, ikusitako gabeziak konpontzeko proposamenak luzatuko dizkiete Udal ordezkariei, ikasturte bukaeran Alkatearekin burutuko den entzunaldian.
Elikadura ardatz
Aurtengo gaia, “Elikadura jasangarria” da eta iazkoaren jarraipena da.
Une honetan, adinaren araberako lanak egiten dituzte. Txikienak horma-irudi eta jolasen bidez elikagaiak ezagutzen ari dira. 6-11 urtekoak berriz, elikadura eta osasuna, elikadura eta sortzen ditugun hondakinak, “kontsumo taldeak”, kontsumitzeko beste modu bat... gaiak lantzen ari dira.
Beraz, HH eta LHko ikasleak buru-belarri dabiltza lanean, herria “geroz eta jasangarriagoa” bilakatzen laguntzeko.
Gai ezberdinak landuz
Programaren bultzatzailea Lasarte-Oriako Udala da, Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak enpresaren laguntzarekin.
Ez da lanketa honen lehenengo urtea. Dagoeneko hainbat izan dira azken sei urteetan Agenda 21 ekimenaren baitan herriko eskoletan landu diren gaiak. “Ura” eta “Biodibertsitatea (naturala eta kulturala)” landu dituzte ikastetxeetan orain arte.