Veroniz, Rekondo eta Galardi LOKEko juniorrak Espainiako atletismo txapelketan, Valentzian

jon-altuna-egitegi 2015eko martxoaren 10a

Hiru gazte lasarteoriatarrek txapelketa ona egin zuten Valentzian, pista estaliko Espainiako juniorren txapelketan.

Ane Galardik bi proba egin zituen, 60 metroetan marka pertsonala eskuratuta bueltatu zen herrira eta jauzi hirukoitzean finalista postuarekin. Atletismoko probarik motzeneko 60 metroak 7.99segundotan bota zituen LOKEko atletak eta jauzi hirukoitzean 11,27 metroko hegaldia egin zuen seigarren postuan amaitzeko.

Yeray Veroniz 60 metroetako finalaurrekoetan lehiatu zen. 7.25eko marka eginda, estatuko 16. juniorrik azkarrena dela erakutsi zuen.

Maider Rekondok azkenik, pisu jaurtiketan, 11,77 metrotaraino bidali zuen lau kiloko bola Espainiako 4. junior neskarik indartsuena dela erakusteko eta marka pertsonal berria ezartzeko.

Oscar Goikoetxea LOKEko entrenatzailea pozik zen hiruren lanarekin: "Oso gustura nago. Rekondok ia metro bat hobetu du eta aire libreko Espainiakorako gutxienekoa egin du, baina bere proba diskoa da eta eskua askatzen duenean... Galardik jauzi hirukoitzeko azken saltoan du hobetu beharra eta 60 metroetan egin duena handia da, 8 segundotik jaistea oso da zaila. Veronizek denbora gutxi darama atletismoan, baina emaitza oso onak lortu ditu jadanik. Aurten abiadura pixka bat falta zaiola uste dut aurten. Ea aire librerako puntuan jartzea lortzen dugun".