Alkatetzarako hautagai jeltzaleak, Estitxu Alkortak azaltzen duenez, "aurreko alkate sozialista inputatua izan da ustez prebarikatu eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik". Hau dela eta “pozik gaude epaileak tramitera onartu dituelako kooperaziorako laguntzetan detektatu genituen irregulartasunak. Urchueguíak Alkatetzatik ematen zituen laguntza horiek dekretu bidez eta inongo finantza kontrolik gabe. Inputazio honek argi uzten du gure salaketek nahikoa oinarri juridiko zeukatela eta behin eta berriro salatu ditugun ustezko irregulartasunak zigor penala izan dezaketela”.
Azaldu du Lasarte-Oriako "alderdi guztiek, PSE-EE eta PPk izan ezik", denbora daramatela 25 urtetan alkate izan zen Urchuegiaren ustezko irregulartasunak salatzen. Eta, azken udal eta foru hauteskundeen ondorioz osatu ziren gehiengo berriei esker, Udalak kereila aurkeztu ahal izan zuela aurreko alkate sozialistaren aurka. Azpimarratzen du, hain zuzen, EAJ-PNVk, Bilduk eta Plataformak babestu zutela salaketa. “Zoritxarrez, PSE-EE eta PP ez daude gai hau aztertzeko prest, eta orain arte izandako jarrerarekin jarraitzen dute. Baina gainerako alderdiek uste dugu azterketa abiatu behar dela badirelako irregulartasun zantzuak. Pozik gaude, hainbeste itxaron ondoren, azkenean, salaketak aurrera egin duelako”.
Instrukzio Epaitegiak ezagutzera eman duen autoak diligentziak irekitzeko zenbait arrazoi ikusi ditu kereilan “badirelako lege penalaren aurka joan litezkeen eta aztertu behar diren zenbait gai. Honako argudio hauek erabili ditu epaileak ustezko prebarikazio delitua egon litekeela pentsatzeko: diru-laguntzen berri ez ematea ezta horien inguruko idatzi eta espediente administratiborik ez egotea, lagundutako proiektuak laguntzeko justifikazio eza eta laguntzak ematekoan egon litezkeen diru publikoaren desbideratzeak. Horiek guztiak sakonki aztertu behar direla uste du epaileak”.
Alkortak bukatzen du esanez, “gai hau sakonean aztertuko denaren itxaropena daukagu EAJ-PNVko kideok, bai eta egon litezkeen ardura penalak egotziko direla ere. Gaia justiziaren eskuetan dago”.