Bihar "Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara" manifestazioa

Txintxarri Aldizkaria 2015eko otsailaren 27a

Bihar larunbata, 17:30ean Donostiako Gipuzkoa plazatik abiatuko da “Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara” lemapean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak deitutako manifestazioa. Ttakun Kultur Elkarteak bat egiten du mobilizazio honekin eta Lasarte-Oriako herritarrak bertan parte hartzera animatzen ditu.

Ekimen honekin “gure hizkuntza-politikak gauzatzen uzten ez dizkiguten guztien jarrera salatzearekin batera, aurrera egiteko erabakia hartu dutenen jarrera txalotu eta eskertu nahi dugu. Eta gainerako instituzioak ere hauek abiatutako bidea jarraitzera animatu nahi ditugu” azaltdu du Kontseiluak.

Besteak beste, Carlos Urquijo Madrilgo Gobernuak EAEn duen ordezkariak, hainbat erakunderen aurka jarritako salaketek erakusten dute “euskaldunak ez garela askeak. Gaur gaurkoz, ez daukagu guk nahi dugun hizkuntza-politika egiteko dugun eskubidea aitortua. Hori ukatu egiten zaigu”.