Gaurtik martxoaren 4ra bitartekoa izango da oliba olio birjina estra eskatzeko epea. Urte berriarekin batera eskaintza berriak prestatu ditu Errigorak, horien artean oliba olioarena.
Bi motatako olioak eskainiko dituzte: konbentzionalak eta ekologikoak, bost litroko bidoietan. Prezioak bidoiko 20 eta 28 eurokoak dira, hurrenez hurren.
“Prezioak igo egin dira lehengo urtearekin alderatuta, aurtengo uzta iazkoa baino eskasagoa izan delako”, azaldu dute Errigorako kideek.
Era berean, jakinarazi dute bidoiak era merkeago batean eskuratzeko aukera badagoela, zuzenean ekoizleengana joan eta olioa berari erosiz gero, bitartekaritza-lanak saihestuz eta prezioak merketuz.
30.000 litro olio iaz
Iaz ere egin zuen oliba olio birjina estra eskuratzeko eskaintza Errigorak. 30.000 litro banatu zituen guztira, 1.500 etxetan.
Aurtengo eskaintza 50 herritara zabalduko dutela jakinarazi dute. 2014an ekoizle bakarrak hartu zuen parte egitasmoan, baina aurtengoan bi izango dira: Cascanteko 'La casa del aceite' eta Ablitaseko kooperatiba.
Aipatu behar da olioarena ez dela Errigorak esku artean daukan egitasmo bakarra: maiatzean kontserba loteak eskuratzeko eskaintza zabalduko du, joan den urtean egin zuen moduan.
Helburuak
“Nafarroa hegoaldean bertan ekoiztutako produktuak eguneroko kontsumo ohituretara ekartzea eta bertako nekazari eta ekoizleen ogibideak babestea” dira gisa honetako eskaintzen helburuak, Errigorako kideek azaldu moduan.
“Kalitatezko jakiak eskuratzeko aukera ona da: oliba olio birjina estra, zainzuriak, Lodosako pikillo piperrak...”, zehaztu dute.
Jendeari egitasmora batzeko gonbitea ere egiten die Errigorak: “Gure erronka urtetik urtera Errigora sarea zabaltzea da; zatoz zu ere ekintza txikien bidez helburu handiak lortzera!”. Martxoaren 11n 18:00etatik 19:00etara eta martxoaren 12an 11:00etatik 14:00etara edo 16:00etatik 19:00etara joan beharko dute herritarrek euren saskien bila, Ttakun KEk Iñigo de Loyola kalean daukan lokalera.