Soberonen lanak Italian ikusgai

Txintxarri Aldizkaria 2015eko otsailaren 20a

Pilar Soberon herriko artistak Napolin ikusgai jarri du “Phylococcus installation” lana. Honakoa Art 1307 kultur erakundeak antolatutako Meta-illusioni erakusketaren baitako lana izan da. Erakusketan, nazioarteko artista ezberdinek parte hartu dute. Esperientzia aberasgarria izan dela aipatzen du Soberonek eta dagoeneko Koldo Mitxelenan martxoaren 12an zabalduko den erakusketa prestatzen ari da.

Pilar Soberon herriko artistaren lanak Napolin ikusi ahal izan dira azaroaren amaieran hasi eta urtarrilaren amaiera arte zabalik izan den 'Meta-Illusioni' izeneko erakusketan. 

Honakoa, Napoliko Villa Di Donato jauregi historikoan burutu zen, garai bateko Borboitarren etxean. Egun, artearekin lotura duten ekimenak egiteko uzten du jabeak. Soberonen hitzetan, “giro berezia“ sor-tzen zuen lekuak. 

Pilar Soberon Lasarte-Oriako artistaren lanekin batera, Philip Soussan, Michal Macku, Cynthia Greig eta Nicola Evangelistirenak izan dira. Erakusketaren ildo nagusia 'argazkilaritzak sortzen dituen ilusioa' zen eta hauek islatzen dituzten lan ezberdinen bilduma osatu zuen Cultural Art 1307 erakunde artistikoak. Aipatu behar da honakoak bi egoi-tza dituela, bata Napolin eta bestea Kalifornian. Honek adierazten du artistaren hi-tzetan erakusketak izan duen maila eta oihartzuna artearen sektorearen baitan.

“Orokorrean, oso aberasgarria izan da esperientzia, herrialde ezberdinetako artistekin harremana izatea beti da ona. Milan, Paris, Pragakoak...“. Horretaz gain, “Italia oso leku aproposa da artearen munduari dagokionean. Zaletasun asko dago eta komisario eta arte galeria ugari. Giro horretan norberaren lana ezagutzera emateak ate asko zabaldu ditzake. Jendea ezagutu eta harreman profesional berriak sortzeko aukera dago”, aipatu du Soberonek.

Laguntza beharra
Hala ere, artistentzat ez da erraza izaten nazioarteko erakusketetan parte hartzea eta kasu honetan Etxepare Institutuaren laguntza izan du Soberonek bere lana bertara eramateko. Zehazki, beka bat eskuratuta eraman du bere lana Italiara. 

Horrelako gehiago egon beharko liratekeela aipatzen du: “Artea sustatzeko ekimenak beharrezkoak dira, artista batentzat oso zaila da nazioartean mugitzea baliabiderik gabe”. 
Argazkiak beste mota bateko elementu artistikoekin uztartu ditu eta hauen bidez lasarteoriarraren lanen sortze prozesua ulertu ahal izan dute bertaratutakoek. Naturako elementu ezberdinak erabili ohi ditu Soberonek bere lanetan. Besteak beste, haziak. Elementu hauekin, berriak sortzen ditu gogoetarako objektu bilakatuz. 

Aldi berean, artistak materiaren egoera aldaketak jaso ditu bere argazkietan 'Cryopreserved Forms' lanean erakutsi bezala. Ihin-tza, tanta baten mugimendua... Artistak lan honekin klonazioa, manipulazioa...landu nahi izan ditu gizakiak egun naturarekin pentsatzeko duen gaitasun falta azpimarratzeko helburuarekin. 

Martxoan Donostian
Napoliko erakusketaren ostean, hurrengoaren prestaketetan ari da Pilar Soberon. 
“Paisaiaren murmurioa” izeneko erakusketa zabalduko dute martxoaren 12an Donostiako Koldo Mitxelena kultur gunean eta bertan izango dira beste artista ba-tzuen lanekin batera, herrikoarenak ere.               

Herritarrek beraz, aukera izango dute Donostiara gerturatu eta artistaren lanak bertatik bertara ezagutzeko.