Hauteskunde zerrenda aurkeztu du PSE-EEk

Txintxarri Aldizkaria 2015eko otsailaren 20a

Lasarte-Oriako PSE-EEk plazaratu du maiatzaren 24an egingo diren udal-hauteskundeetarako zerrenda. Zortzi emakume eta bederatzi gizoneko lantaldea izango du Jesus Zaballos alkategai sozialistak: "Helburu argia daukagu, hauteskundeak irabazi eta berriro ere alkatetza eskuratzea da gure asmoa". Iluntzean Villa Mirentxun egindako ekitaldian banan bana aurkeztu ditu alboan izango dituen kideak.

Otsailaren 9an egindako PSE-EEren herriko asanblada nagusian bederatzi gizon eta zortzi emakumez osaturiko zerrenda "aho batez" onartu zuten sozialista lasarteoriatarrek eta gaur herritarren aurrean lehen agerraldia egin dute.

"Udal-hauteskunde hauetara talde berritu batekin aurkeztu gara, 2011n Bilduk, EAJk eta LOHPak hauteskunde osteko paktuekin kendu ziguten alkatetza berreskuratzeko", esan du Jesus Zaballos PSE-EEren alkategaiak.

Lantalde berritua
Zerrendan ageri diren 17 izenetatik 11 ez dira sekula PSEren zerrendetan izan. Zaballosek euren "ausardia" eskertu nahi izan du politikak bizi dituen "garai zail" hauetan halako "urrats garrantzitsua" emateagatik. 

"Guztiek dute herriaren primerako ezagutza, perfil ezberdinetako jendea da eta guztiek badakite zer nolako beharrak dituen Lasarte-Oriak. Lanean hasteko gogoz gaude", azaldu du Zaballos hautagai sozialistak aurkezpen ekitaldian.

Zerrendako lehen zortzi izenak hauexek dira: Jesus Zaballos alkategai izango da, zerrendan bigarren Lourdes Acevedo doa, Lasarte-Oriako PSE-EEren Erakunde Idazkaria eta egungo zinegotzietako bat; hirugarren tokian Agustin Valdivia ageri da, arkitekturan lizentziatua eta urbanizazio proiektuetan espezializatua; laugarrenean, baina independiente bezala, Maite Iglesias, gizarte-hezitzailea eta Emakumeen Zentro Zibikoko dinamizatzailea; bosgarrenean Txus Alonso, egungo PSE-EEren zinegotzietako bat eta herriko hainbat kirol ekitaldiren antolatzaile eta MEGABAko kidea; seigarrenean Beatriz Juez, independiente kategorian hau ere, Goi Mailako Ingeniaritza Industrialeko lizentziatua, nazioarteko komertzioan aditua da eta Langabetuen Plataformaren sorreran parte-hartu zuen; zazpigarrenean Jose Mari Urdampilleta, aurrez ere PSEren zerrendetan joana eta Gazteria, Festak eta Kirola saileko zinegotzi izana; zortzigarrenean Nuria Fernandez ageri da, Zuzenbidean lizentziatua, lan prebentzioko teknikaria eta 13 urte daramatza UGT sindikatuan lanean.

Hortik aurrerako izenak honakoak, bederatzigarrenetik hasita: Jose Cuesta, Lidia Vanessa Quintana, Manuel Carballés, Isabel Carrillo, Fernando Cruz, Eva Paramos, Julio Gonzalez, Iñaki Mugica eta hemezortzi izeneko zerrenda itxiz, Tomasi Pelaez, ETAk duela hamalau urte tiroz hil zuen Froilan Elespe PSE-EEko kide zenaren alarguna.

Norbanako hauek dira talde sozialistak hauteskundeetara aurkeztu dituenak eta Jesus Zaballosek aukera aprobetxatu du publikoki guztiei eskerrak emateko.

Gogoan izan ditu bereziki azken legegintzaldietan zinegotzi izan eta 2015ean kargua utzi dutenak: "Izugarri baloratzen dut zuen babesa. Harro senti zaitezte egin duzuen lanaz, gaur egun ezagutzen dugun Lasarte-Oria, hein handi batean, zuek egindako lanari esker baita", adierazi zuen alkategai sozialistak.

Etorkizunerako erronkak
Ekitaldiari amaiera eman aurretik, Jesus Zaballosek Bilduren gobernua salatu eta herria "desertutik" irteteko aukera bakarra sozialistei bozka ematea dela adierazi zuen: "Bada garaia Lasarte-Oriak berriro aurrerapausoak eman ditzan, loalditik esna dadin".

Horretarako lan egingo duela adierazi zuen, gainontzeko 17 kideekin batera: "Lasarte-Oriak berriro ere alkate sozialista bat izan dezan aurkeztu gara".