Pastor eta Gonzalez Zarauzko V. Masterrean

Txintxarri Aldizkaria 2015eko otsailaren 13a

'Kirola' hitza adin guztietako jendearekin lotzen dugu normalean. 'Lehiaketa' hitza esanda ordea, jende gazteena etortzen zaigu burura oro har. Buruntzaldea IKTn ez da hala gertatzen. Klubeko igerilari gazteek bakarrik ez, master mailakoek ere lehiaketa gosea badutela erakutsi zuten joan den asteburuan Zarauzko V. Master proban. Yoli Pastor eta Yoana Gonzalez herritarrek gozatua hartu zuten Aritzbatalden, euren denboraldiko lehen lehiaketan.

Yoli Pastor eta Yoana Gonzalez masterrak Zarautzen izan ziren V. pasa den astean Zarautz Open Master Sarian parte hartzen. Denboraldi honetan lehiatzen zuten lehen aldia zen eta gustura aritu ziren biak.

Pastor herritarra 400 libre, 100 bular, 100 libre eta 100 estiloak frogetan lehiatu zen. Lehen hiru frogetan bere marka onenetan aritu zen eta 100 estiloetan berriz, 1'24''15ekin marka pertsonala eta 35-39 urte arteko taldeko errekor berriak ezarri zituen. 35-39 urte arteko kategorian, Yoli Pastor txapeldun izan zen 100 bular frogan, txapeldunorde berriz, 400 libren, 100 libren eta 100 estiloetan.

Gonzalezek berriz 400 libre, 50 libre eta 50 bular frogak izan zituen eta egindako hiru frogatan hirugarren postuan sailkatu zen.

Borja Apeztegiak garrantzia berezia eman zion igerilari hauek erdietsitakoari: “Ea pixkanaka aurtengoan ere lehiaketa gehiagotan parte hartzen ikusten ditugun, benetan pozgarria baita igerilari helduek ere lehiaketarako eta entrenamendurako grina badutela ikustea”.

Tolosa eta Iruñea
Federatuetako infantil, junior eta absolutuak berriz, Tolosan izan ziren 'denbora hartze' frogan parte hartzen. Aldundiak asteburuko eskola kirola bertan behera utzi ondoren Legazpiko Gipuzkoako Neguko Saria eta Gipuzkoako Neguko Txapelketa ez ziren jokatu. Horien ordez, Tolosan Gipuzkoako Txapelketaren programa berdinarekin lehiaketa hauxe ospatu zen. 

Larunbateko txapelketan Buruntzaldea IKTko hamalau taldekide aritu ziren lehian eta Iñigo Ibarburuk 400 libreetako gutxienekoa lortu zuen. “Asteburu honetan Iruñean ospatzekoak diren Euskal Herriko Txapelketetan gure igerilariek oraindik ere maila hobea ematea espero dugu”, dio Apeztegiak.