Herriaren aniztasuna bideoklip batean

Txintxarri Aldizkaria 2015eko otsailaren 17a

Lasarte-Oriako aniztasunaren lanketan bideo berezi bat grabatu nahi izan zuen udalak eta horretarako herriko talde eta elkarteei laguntza eskatu zien. Bost minutuko bideoa Eztiphotoko kideek grabatu dute, Makulu Kenek musika egin du, kantaren letra Earra! bertso eskolak eta Kukukatik dantza pausoak jarri zaizkio. Dantzan eta abesten berriz, herriko elkarte eta taldeetako lagunak, tartean herrira etorritako jatorri ezberdinetako bizilagunak. Bideoaren aurkezpen ekitaldia ostiralean egingo da Manuel Lekuonan 19:00etan eta sarrera irekia izango da.

Pablo Barrio alkateak ostiraleko agerraldian azaldu zuenez, herriaren argazkia izango zen bideo bat egin nahi zuen udalak. “Honetan gure herrian dagoen onena erakutsi nahi genuen, hau da, lasarteoriatarrak eta dugun aniztasuna. Oso herri bizia dugu eta talde eta elkarte pila daude, guzti hauen parte hartzea nahi genuen”.

Makulu Ken herriko musika taldeari eskatu zi-tzaion musikaz arduratzea eta Xabi Herrerak aipatu duenez, “anitza eta pegadizoa behar zuen izan”. 

Taldeak Afrikako musika estiloa lantzen du eta hori nabaritzen da: “Euskal musika ere bada oinarrian, musikari ezberdinek parte hartu dute grabaketan, koruak Alboka abesbatzak egin zituen eta hizkuntza ezberdinak sartzeko, gurean bizi diren atzerritarren laguntza izan genuen”. 

Letra egitearen ardura Earra! bertso eskolako kideek izan zuten, Ane Labaka ibili da batez ere egitasmo honetan murgilduta eta berarentzat oso esperientzia aberasgarria izan dela aipatu zuen. “Makulu Keneko lagunekin elkartu eta pixkanaka ideiak ateratzen joan ziren, erraz esaten dugu aniztasunak aberasten gaituela baina hori kanta batean islatzea ez da hain lan erraza. Bileretako batean, Lasarte-Oria bidegurutze bat bezala zela aipatu zen, ideia hori apuntatu nuen eta hortik sortu zen kanta”. 

Bost minutuko bideoklipa
Eztiphotoko Aitzol Etxegoienek grabatu eta montatu du bideoa. “Oso bideo azkarra nahi genuen, irudi pilarekin. Horretarako jende asko mugitu behar zen eta lan horretan eta dantzarekin aritu dira Kukukakoak”. Herriko talde eta elkarte guztiei eskatu zi-tzaien honetan ateratzeko eta oso harrera ona izan zuen proposamenak Aitzolen esanetan. “Azkenean bost minutuko bideoklipa da eta parte hartzea handia izan zenez, azokan egindako grabazio batzuk besteak beste, kanpoan utzi behar izan ditut. Jendearentzat lana gustagarria izango dela uste dut”. 

Gonbidapena luzatu nahi izan zieten herritarrei ostiralean Manuel Lekuonan 19:00etan egingo den aurkezpen ekitaldira gerturatzeko. Bideoa ikusteaz gain, herri ezberdinetako dantzez gozatu ahal izango da.