Oles egitera gatoz!

Txintxarri Aldizkaria 2015eko otsailaren 2a

Santa Ageda bezpera eguna izango da asteazkenean eta ohi bezala, Erketz, Xumela, bertso eskola eta Zabaletako auzokideek egingo dute kantuan Euskal Herriko hainbat txokotan bezala. Tradizioari eutsiz, Santa Agedari oles egitera irtengo dira kalera baserritarrez jantzita, urritz-makila eskutan. Asmoak, bi: Euskal Herriko eguna ospatzea eta bide batez, ohitura zaharrak gordetzea, ondorengoei erakusteko asmoz.

Erketzeko kideak Zumaburuko eskolatik irtengo dira otsailaren 4an, arratsaldeko 18:30ean. Egun bat lehenago entsegu orokorra egingo dute 20:00etan, Zumaburuko ikastetxean.

Zabaletako herritarrek, ohi bezala, auzoa eta baserriak zeharkatuz lau bat orduko ibilbidea egin asmo dute Antonio Blas plazatik abiatuta, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Amaitzean, afari merienda antolatu dute lokalean.

Erdigunean berriz, Xumela abesbatza eta bertso eskolako kideak kalez kale eta tabernaz taberna egingo dute kantuan. Brigitarren komentura ere egingo dute bisita. Hitzordua arratsaldeko 19:00etan dute jarria, Jalgin.

Ikastetxeak

Ikastetxeetako gaztetxoek ere ospatuko dute Santa Ageda bezpera, eguraldiak errespetatzen baditu behintzat.

Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko LH6ko ikasleak Zumaburuko ikastetxera jaitsiko dira etzi 15:00etan txikienekin kantatzera eta arratsaldeko 16:20ak aldera, Sasoeta ikastetxeko atarian Santa Agedako hainbat kopla abestuko dituzte ziklo guztietako ikasle eta irakasleek makilak eskutan.

Landaberri-Garaikoetxean ere antolatu dute Santa Ageda egunerako planik.

Haur Hezkuntzako txikiak 10:00etan abiatuko dira merkatu aldera. Asteazkena denez, ziur postuak eta herritarrak alaituko dituztela. DBHra ere hurbilduko dira eta denek batera egingo dute kantuan.
Landaberrin berriz, eguerdian jolastokiko anfiteatrora irten eta LH 3-4-5 eta 6. mailakoek elkarrekin egingo dute oles, ohiko koplak abestuz.

Azkenik, arratsaldeko 15:00etan 6. mailako talde koxkor bat Unai Muñoa bertsolariarekin batera joango da Kaxkarrora bueltatxo bat eman eta auzoa alaitzera.