Danok Kidetik Jose Luis Navarro eta Juan Mari Egizabal izan dira aurkezpenean Real Sociedadeko Nano Cordovilla eta Udaleko Xabi Goitia eta Boris Nogalesekin. Laugarren urtez itsaspeko zinema zikloa antolatu dute elkalanean otsailaren 9, 16 eta 23rako Manuel Lekuonan. Hiru egun hauetan lan ezberdinak ikusteko aukera izango dute herritarrek.
Boris Nogalesek aurreko edizioek izandako harrera ona nabarmendu nahi izan du eta aurtengoan, pantaila berriak eragin zuzena izango duela ere aipatu du “ filmak kalitate handian grabatuta daude eta pantaila berriari esker, kalitate honetan ikusi ahal izango dira. Audioa ere nabarmen hobetu da”. Emanaldia ikusgarriagoa izango dela eta jendea gerturatzea animatu nahi izan du Kultur alorreko zinegotziak.
Nano Cordovillak berriz, ziklo honen inguruko xehetasunak aipatu ditu. Herrira ekartzen diren lan guztiak aurrez Donostiako Aquariumean egin den itsaspeko nazioarteko zinema jaialdian ikusi ahal izan dira. “Zinemaldi honekin jarraitzeko arazoak izan ditugu, iaz futbol sailetik diru laguntza eman ziguten antolatzen jarraitu ahal izateko, izan ere, euren laguntza ematen ziguten hainbat entitatek eten egin zuten diru laguntza lerroa”. Zailtasunak zailtasun, maila altuko lanak ekarri zirela aipatu du Cordovillak eta horietako batzuk izango dira Lasarte-Oriako emanaldietan.
“Lan bikainak aukeratu ditugu, labur batzuk ikusi ahal izango dira eta jarraian film luzeagoak, etxetik mugitu gabe, bidaia zoragarrietan murgiltzeko aukera izango dugu”.
Egitaraua
Lehenengo egunean, otsailak 9, “Erraldoien gaua”, “Malkoak itsasoan”, “Algodre” eta “Bali” lanak ikusi ahal izango dira. Hasierako hirurak, film laburrak izango dira eta azkena berriz ia ordubetekoa.
Otsailaren 16an berriz, “Bidaia Itsasora II” 27 minutuko lana eta Leandro Blancoren “Oparia” ikusiko dira. Saio honetan ere, David Sanchez Carretero herritarraren bost minutuko lantxoa emango da. Honetan Real Sociedadeko itsaspeko atalak umeekin egiten duen lana islatzen da.
Azkenik, otsailaren 23an “Kubako altxor urperatuak” eta “Bizirik irauteko markatuak” lanak ikusi ahal izango dira.
Cordovillak gogoratu du “lan hauek ez dira telebistan ikusi ahal izango, aukera paregabe hau ez da galdu behar”.
Saioak doan dira eta guztiak 19:30ean hasiko dira. Familia guztiari zuzendutako lanak dira eta herritarrak animatu nahi izan dituzte emanaldi hauetara gerturatzeko.