EAJk hitzaldi zikloa antolatu du kirola, bakea eta enplegua oinarri hartuta

Txintxarri Aldizkaria 2015eko otsailaren 4a

Otsailaren 12tik 19ra Lasarte-Oriako EAJk herria “hazi arazi eta garatzeko” hitzaldi zikloa antolatu du. Kirol garapena, bakea eta bizikidetza eta industria eta enplegua gaiak hautatu dituzte hausnarketarako, Lasarte-Oriaren orainarentzat eta etorkizunarentzat “estrategikoak” direlakoan. Arantza Tapia Garapen sailburua, Maribel Vaquero legebiltzarkidea eta Manu Gonzalez Aramendi medikua eta Laurent Irazusta Aviron Bayonnaiseko presidentea izango dira hizlari otsailean zehar. Hitzaldi guztiak Villa Mirentxun egingo dira, arratsaldeko 19:30ean.

Kirol garapenaren hitzaldiak zabalduko du astea. Jose Manuel Gonzalez Aramendi kirol medikuntzan eta kirurgian adituak eta Laurent Irazusta Aviron Bayonnais kirol taldeko presidenteak kirolak herri garapenean duen eraginari buruz hitz egingo dute otsailaren 12an, ostegunean.

Otsailaren 17an, asteartea, Maribel Vaquero EAJren legebiltzarkideak eta Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko presidenteak bakea eta bizikidetza izango ditu hizpide. Azkenik, otsailaren 19an, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenaren eta Lehiakortasunaren sailburuak Industria eta enpleguari buruz hitz egingo du. Esan bezala, hitzaldi guztiak Villa Mirentxun  izango dira arratsaldeko 19,30etan

Lan-dinamika

Hitzaldi hauek lotura zuzena dute EAJ herriko eragileekin egiten ari den hartu-emanekin. Azken bost hilabeteetan herritarrekin eta gizarte eragileekin harremanetan jarri dira eta Lasarte-Oriaren etorkizunerako “diseinu estrategikoa” egiten lagunduko duten proposamenak jaso, partekatu eta landu dituzte. “Ekimen honekin herritarrengana gerturatu nahi dugu, zuzenean”, adierazi du Estitxu Alkorta alkategaiak.

Lasarte-Oriako eragile sozial eta ekonomiko desberdinekin hainbat kontaktu eta laneko bilera egiten ari direla azaldu dute: “Ez digu axola zein den beraien ideologia politikoa. Uste dugu politika egitea denontzat gobernatzea dela, eta pertsona eta kolektibo guztiek izan behar dutela ekarpenak egiteko modua”, esan du Alkortak hitzaldi-zikloaren aurkezpenean.

Herriko eragile sozial, ekonomiko eta kirol elkarteekin egindako bileretatik jasotako ekarpen eta iritzi guztiak EAJ lantzen ari den “Lasarte-Oria berrirako” proiektuan jasoko dituztela esan dute: “Zirriborroa osatu ostean, berriro ere herritarrei eta eragile guztiei aurkeztuko dizkiegu, kontrasterako, gure behin betiko programa eta konpromisoak idatzi aurretik”, adierazi du Alkortak.

Programaren aurkezpena hitzaldiak bukatuta aurkeztea aurreikusi dute, hilabete barru, martxoa aldera.