Diziplina askotarikoak izan daitezke lanak: pintura, collage, graffity etab. Eta margo guzti hauek jorratu beharko duten gaia aniztasuna izango da: “Gure udalerriaren ezaugarri eta aberastasun handienetariko bat izango da, hain zuzen ere aniztasuna”.
Lehiaketa dagoeneko martxan dago, astelehenean argitaratu baitziren oinarriak Gipuzkoako aldizkari ofizialean eta hilabete honetan zehar proposamenak entregatzeko aukera izango da. Parte hartu nahi dutenek otsailaren 27a baino lehen Udaletxeko erregistroan utzi beharko dituzte zirriborroak. Lehiaketa irekia denez, bertaratu ezin duenak postaz bidaltzeko aukera ere izango du.
Aurkeztutako zirriborroen artean, epaimahaiak gehienez ere 5 proposamen hautatuko ditu hormetan marrazteko. Behin muralak burututakoan, 1.500 euroko lehenengo sari bat, 1.250 euroko bigarren sari bat, 1.000 euroko hirugarren sari bat eta 300 euroko bi sari (laugarren eta bosgarrenarentzat) esleituko ditu.
'Margoketa eguna'
Martxoaren 14rako 'Margoketa eguna' antolatzen ari da Udala herriko artistekin batera. Eta mural lehiaketako hormak margotzeaz gain beste ekimen artistiko, hezitzaile eta kultural batzuk ere izango dira egun horretan. “Udalerriko eta ingurune degradatuetako irudia hobetzearekin batera gure herriaren alderdi artistikoa ere sustatu nahi dugu”, adierazi dute antolatzaileek.
Udalak interesa duten guztiei parte hartzeko deia egiten die.
Lasarte-Oria Biziberritzen
Lasarte-Oriako hirugarren sektorea indartzeko helburuarekin “Biziberritzen” proiektua jarri zuen martxan udalak. Ekimen honek hiru arlo ezberdin jorratzen ditu: lehenengoa funtzionamenduan dagoen Tratu On Bat webgunea, herriko merkatari, ostalari eta zerbitzuentzako erakusleiho digital bat; bigarrena, udalerriko lokal komertzial hutsak berraktibatzeko ekimena eta azkenik Guztion Lasarte-Oria egitasmo artistikoa.
“Proiektu berritzaile honen helburua degradatuta dauden espazio eta hormetan esku-hartze artistikoak eginez udalerriko irudi hobetzea da” azaldu dute udaletik. “Modu horretan, herritarrak udalerritik ibiltzeko joera sustatu eta herriko komertzioetan positiboki eragin dezan nahi dugu. Horretarako, proiektuaren lehenengo fase honetan mural lehiaketa ireki bat antolatu da eta erdigunean dauden 5 horma txukundu eta margotuko dituzte lehiaketako irabazleek”.