Aritz Bordak Bukaresteko Rapiden jokatuko du

jon-altuna-egitegi 2015eko otsailaren 7a

Badu taldea Aritz Borda Etxezarreta jokalari lasarteoriatarrak. Nora jo ez zuela, AFEn sartu zen, talderik gabeko Espainiako Futbolarien Elkartean. Ia urtebete geldirik egon ostean, topatu du non jokatu denboraldia amaitu arte. Errumaniara doa 29 urteko erdiko atzelaria, bertako talderik entzutetsuenetarikoaren elastiko granatea janztera.

Palmaresari dagokionez hiriko hirugarren taldea da Bordarena, Steaua eta Dinamoren atzetik.  Hiru Liga eta hamahiru Kopa ditu irabaziak klubak 92 urteko historian. Dena den, Errumaniako lehen mailara igo berria da aurten Rapid eta ataka estuan sartuta dago, hamazazpi partidu jokatuta sailkapenaren zuloan baitago 1923an Errumaniako trenbideetako langile batzuek sortutako taldea.

Ibilbide oparoa

Aurrez, 2004-2005 denboraldiaz geroztik Sansen, Real Unionen, Athletic Bn, Mirandesen, Huelvako Recreativon, Nikosiako Apoelen eta Tailandiako Muanthong Uniteden jokatu du lasarteoriatarrak. Orain, beste pausotxo bat eman nahi du bere futbol ibilbidean 1,89 metro luze den jokalariak.