Ehun lagun inguruk hartu dute parte EH Bilduk aste honetan egin dituen hiru bileretan. "Oso emankorrak izan dira saioak; ekarpen ugari jaso ditugu", azaldu dute antolatzaileek.
Anbulategian kokatuta dagoen Udal Euskaltegian burutu dira bilerak. Hamar arlo desberdin landu dituzte EH Bilduko kideek eta herritarrek elkarlanean: Kultura, Hirigintza, Kirola, Ingurugiroa, Euskara, Gizarte politikak, Udal baliabideak...
Bi zeregin nagusi gauzatu dituzte bileretan: orain arteko udal politiken eta udalerriaren egoerak aztertu dituzte, "elementu positibo zein negatiboak" identifikatuz. Bestetik, etorkizuneko herriko erronkak definitu dituzte: 'Lasarte-Oria 2030' delakoari forma ematen hasi dira. Datozen udal hauteskundeetarako lanketaren bigarren fasearen baitakoak dira bi zeregin horiek.
Plaza irekia otsailaren 3an
Lehen eta bigarren faseetan egindako lana aurkezteko asmoz, plaza irekia antolatu du EH Bilduk datorren asteartean, otsailak 3, kultur etxeko hitzaldi aretoan. Arratsaldeko zazpietan hasiko da, eta koalizioak "herritar guztiei" luzatu die gonbitea plaza ireki horretan parte hartzeko.
Herritarrek egindako inkesten emaitzak, aurreko agintaldiko lanaren balorazioa eta aipatutako hiru bileretan jasotakoa bilduko ditu otsailaren 3ko aurkezpenak.
Bigarren fasea bukatzean, hauteskunde programa eta hautagai-zerrenda osatzen hasiko da EH Bildu. "Hurrengo agintaldiari begira herritarren parte-hartzean eta justizia sozialean oinarritutako lan arduratsua egitea da gure helburua", adierazi du koalizio abertzaleak.