Danbor hotsak herrian

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urtarrilaren 19a

Gogor entsegatu dute Lasarte-Oriako ikastetxeetako umeek azken asteetan eta gaurko egunean zehar erakutsiko dute danbor-jole trebeak direla. Bihar da San Sebastian eguna, hilaren 20a, baina herriko ikastetxeek bezperan astinduko dituzte danborrak. Danbor hotsak entzun ahalko dira beraz Zumaburu, Sasoeta, Garaikoetxea eta Landaberri ikastetxeetan.

Gaztetxoen guraso, ahaide eta lagunez josita egongo dira gaur Lasarte-Oriako ikastetxeak, San Sebastian egunaren bezperan ozen eta gogotsu astinduko baitituzte danborrak. 

San Sebastian martxa, Tatiago, Polka eta Iriyarena bezalako doinuak entzungo dira gaur arratsaldean herrian. Raimundo Sarriegi ezagunaren doinuez gain, ez litzateke harritzekoa izango Realaren zein Lasarte-Oriaren ereserkiak entzutea, egun hauetan klasikoak izaten baitira. 

San Sebastian eguna bihar izango da, hilaren 20a, baina herriko ikastetxeek gaurko egunean zehar alaituko dute herria danborraren bitartez.

Sasoeta-Zumaburu
Zumaburu eta Sasoeta ikastetxeko gaztetxoak izango dira entsegatutakoa erakusten lehenak. Zumaburukoak 15:00etan hasiko dira danborrak astintzen, eta Sasoeta ikastetxekoen txanda ordu erdi beranduago izango da: 15:30ean hasiko dira.

Landaberri
Landaberri-Garaikoetxeako haurrak 15:45ean hasiko dira danborrak jotzen. Landaberri Lehen Hezkuntzako ikasleak berriz, Hipodromo paretik, ordu laurden beranduago dira hastekoak.

Danbor hotsak ozenak izango dira bihar herrian, herriko ikastetxeek euren omenaldi berezia egingo baitiote San Sebastian egunari. Emanaldiak nahiko segidan izango dira gainera, 15:00etan hasten baita lehena eta ordubete beranduago azkena. Danbor-festa gaur Lasarte-Orian.