Usurbilgo lanbide-eskolak ikastaro eskaintza zabala prestatu du

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urtarrilaren 19a

Urte berriaren hasierarekin batera hainbat ikastaroko eskaintza egin du Usurbilgo lanbide-eskolak. Kurtso horiek langile zein langabetuei zuzendutakoak dira. Ikastaro guztiak doakoak izango direla jakinarazi dute Lanbide-Eskolako arduradunek.

Ikastaro-sorta zabala eskaini du Usurbilgo Lanbide Eskolak: 27 guztira, bost azpimultzotan banatuta. Ikastaroak astelehenetik ostegunera izango dira, 18:00etatik 21:00etara. Lanbide Eskolakoek ohartarazi dutenez, kurtsoen hasiera-datak “behin behinekoak” dira, eta “taldeak osatzen direnean” hasiko dira.

Bost azpimultzo

Lehen esan bezala, Usurbilgo lanbide-eskolak 2015ean eskainiko dituen ikastaroak bost azpimultzotan banatu dituzte.

Honako hauek dira kategoriak: ‘Fabrikazio mekanikoa’ (10 ikastaro guztira), ‘Elektrizitatea eta elektronika’ (5), ‘Energia eta ura’ (3), ‘Instalatzea eta mantentzea’ (5) eta ‘Administrazioa eta kudeaketa’ (4).

Ikastaroen ordu-kopurua nahiko anitza da, eta kantitate horren araberako ordu kopuruak edukiko dituzte. Kurtso luzeena 'Instalazio elektriko automatizatuak eta automatismo-instalazioak' da, 240 ordukoa. Aldiz, '3D inprimagailuak' eta 'Termografia' dira laburrenak, 12 ordukoak biak. 
Era berean, ikastaroen hasiera datak desberdinak dira. Urtarrilean, otsailean, martxoan zein apirilean hasiko dira 27 ikastaro horiek. 

Ikastaroei buruz informazio gehiago eskuratu nahi duenak (azpimultzo bakoitzeko aukerak zeintzuk diren, ordu kopurua, hasiera data...) 943 36 46 00 telefonora hots egin dezake edo, bestela, www.lhusurbil.com eta info@zubigune.org web orrialdeetan begiratu.