Euskal Inauterian murgiltzeko lehenengo urratsa

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urtarrilaren 19a

Inauteriak gertu daude, otsailaren 14 eta 15eko asteburuan ospatuko dira, eta mozorroak prestatzeko garaia heldu zaie haur zein helduei. Herriko elkarteekin adostuta udalak herria larunbatean ipuinak eta marrazki bizidunak gaiarekin girotzeko proposamena luzatu du eta dagoeneko talde ezberdinak lanean daude egun honetarako.

Bestalde, Ttakunek azken urteetan egin bezala, Euskal Inauteriak antolatuko ditu otsailaren 15ean, igandean. Ohi bezala Euskal Herriko txoko ezberdinetako jantziak soinean, hainbat dantza eskainiko dituzte desfilean parte hartzera animatzen diren herritarrak. Hartza ere erreko da asteburu luzeari amaiera emateko.

Urtero entsegu irekiak egiten dira dantzak ikasteko. Herriko elkarteak lasarteoriatarrak festa honen parte izatea nahi du. 

Horrela izanda, egun honetan herrian euskal inauteri giroa nagusi izan dadin, jendea txantxoz janztera animatzen dituzte Ttakunetik. Hain zuzen, txantxo jantzia ez dutenentzat bi urtetan eskuorria banatu da, etxean jantzia modu errazean egin ahal izateko edota ideiak emateko. Aurtengoan, festan ez murgiltzeko aitzakiarik egon ez dadin, mozorroa egiteko tailerra antolatu nahi izan du Ttakunek Junkal Perezek azaldu moduan.

Familia osoarentzat

Tailerra urtarrilaren 26ean astelehenean edota larunbatean, urtarrilak 31, egiteko aukera izango da. 

26ean 18:00etatik 19:30era eta 31ean berriz, goizeko ordutegian 11:00etatik 12:30era egitea izango da. 

Tailerra doan da eta heldu zein umeei zuzendutakoa, “Santo Tomas eguna iritsi aurretik Talo tailerra antolatu genuen eta honek izan zuen arrakasta errepikatu nahi genuke honekin ere”.

Anbulatorioko eraikinean dagoen bigarren solairuko geletako batean egingo da eta honetan, birziklapena ere landu nahi denez, parte hartzaileei oihal zaharrak eramateko eskatzen zaie. 

Horrekin batera, “egokia litzateke bakoitzak lastozko txano bat ekartzea hau apaindu eta jantzia osatzeko”. 

Zakuekin egingo dira mozorroak: “Modu errazean egingo ditugu, gure helburua haur zein helduentzako ikastaro entretenigarria egitea delako". "Antolakuntzak jarriko ditu jantziak egiteko zakuak”, azpimarratu du Perezek. 

Izena eman

Honetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. Ttakuneko bulegotik pasata edota 943 37 14 48 zenbakira deituta. 

26ra arte izango da aukera izena emateko “baina ahalik eta lasterren egitea gomendatzen dugu”. Honekin batera gogoratu nahi izan dute, bi egunetan ikastaroa euskaraz emango dela.