Enara Fernandezek Madrilen hasi du eski denboraldia

jon-altuna-egitegi 2015eko urtarrilaren 22a

Mendi tontorrak elurrez zuritzearekin batera ekin diote eskiatzaileek aurtengo denboraldiari. Ikusmen urritasuna duen Enara Fernandez gazteak bi urrezko domina eta bi brontzezko jantzi zituen asteburuan Espainiako Federazio Kopako lehen jardunaldian, Madrilgo 'Xanadu' merkatal-gunean. Jubenil mailan lehiatzen duen estreinako urtea du lasarteoriatarrak.

Espainiako Federazio Kopako lehen jardunaldian, lau txandatan lehiatu zuen Enara Fernandezek eta bakarka, domina bat irabazi zuen eslalomean.

Bere kategorian, bi jaitsieretako denborak batuta, 50.4ko marka egin zuen. Jaitsiera onena 24.8 segundoko denboran osatu zuen, seniorretan txapeldun izan zenak baino segundu bakar bat gehiago behar izan zuen heritarrak. Gainontzeko hiru dominak taldekako probetan erdietsi zituen.

'Xanadu' pista izatez erraza da, baina slalom proba egiteko zaila. Eskiatzaileei gutxien gustatzen zaien jaitsiera da gainera Madrilgoa. Dena den, Enara Fernandez primeran moldatu zen, domina sorta etxera ekarriz.

Iraitz Etxarri gidaria bezperan lesionatu egin bazen ere, haren lana goraipatu nahi izan dute senideek. Etxarri osatuko ez zela ikusita, asteburuan Vanessa Servet Corts entrenatzaile kataluniarrarekin lehiatu zuen Fernandezek. "Asko eskertzen diet Iraitz eta Vanessa entrenatzaileei, baita Saito gimnasioko Davidi ere, pistetatik kanpo emandako laguntzagatik", jakinarazi du Fernandezek.

Lehen urtea jubenil mailan
Joseba Angulo eta Agus Sopelana eski teknikariak pozik ziren Enara Fernandezek emandako mailarekin, eta etorkizunera begira izaten ari den garapenarekin itxaropentsu daude.
IK taldeko eskiatzaileak lehen urtea du jubenil mailan, eta lortzen ari den emaitzekin, Espainiako txapelketa irabazteko hautagai sendoa dela berresten ari da. Aurten martxoan jokatuko da estatuko txapelketa garrantzitsuena Pas de la Casan, Andorran. 

Badu Fernndezek lehenagoko hitzordurik ordea. Hilaren 31n eta otsailaren 1ean Astunen izango da FEDCek antolatzen duen bigarren Kopa jardunaldian. Denboraldi amaieran Kopan parte-hartu duen eskiatzaile erregularrena sarituko dute, eta lasarteoriatarrak borrokan egin nahi du titulu hori eskuratzeko. 

Azkenik, apirilaren 1ean Molinan (Katalunia, Gerona) egingo den Europako Txapelketarako ere sailkatu da herritarra. Helburua, nazioarte mailan lehen txapela janztea izango du Fernandezek.