Lau urteko itxaronaldiaren ostean, Okendo plaza azpiko, Tajamar biribilguneko eta Beko kaleko garajeak herritarren eskura jarriko ditu Lasarte-Oriako Udalak. Guztira 149 plaza izango dira errentan edo kontzesio modura esleituko direnak.
Okendo plazan 124 marra izango dira. Hauetatik 106 alokairuan eskainiko dira eta 18 kontsezioan.
Donostia Etorbideko 2. zenbakian, hau da, Tajamar biribilgunearen ondoan 21 plaza daude, 18 marra eta 3 garaje itxi. Guztiak alokairuan jarriko dira.
Eta azkenik, Bekokale bideko 12 zenbakian 4 garaje plaza itxi alokatuko dira.
Ezaugarriak
Alokairuko erregimena duten plazen esleipenak 5 urte iraungo ditu eta gehienez ere beste 5 urtez luzatu ahalko da.
Plazen metro-kopuruaren arabera, prezioak honako hauek izango dira:
•1 kategoria: 17 m² baino gutxiago, hilean 60 euro.
•2. kategoria: 20 m² baino gutxiago, hilean 65 euro.
•3. kategoria: 26 m² baino gutxiago, hilean 70 euro.
•4. kategoria: 26 m² baino gehiagot, hilean 90 euro.
Horiez gain, 18 plaza ireki lizitaziora aterako dira, kontsezio erregimenean.
Kasu honetan, esleipena 10 urtekoa izango da eta edozein unetan kontratua deuseztatzeko eskubidea egongo da.
Denak 17 m² baino gutxiagokoak dira, eta hilean 60 euroko errenta izango dute.
Garajeen mantentze gastuak Udalak hartuko ditu bere gain.
Bisita
Garaje-plaza alokatzeko interesa duten herritarrek eskaera egin aurretik hauek ikusteko aukera izango dute.
Larunbatean, urtarrilak 16, goizez 12:00etatik 13:30etara eta arratsaldez 18:00etatik 19:30etara eskainitako aparkalekuak irekiak egongo dira.
Agiriak
Eskaera egiteko inprimakiak eta eskaintza eta esleipena arautzen duten baldintzen agiria Maite Betelu Administrazioko www.m.betelu.com webgunean edo www.administrazioa.lasarte-oria.eus Udalaren orrialdean eskuragarri daude.
Informazio gehiago nahi duten herritarrek Maite Betelu Administraziora dei dezakete 666 40 91 94 edo 943 36 48 86 telefono zenbakietara.
Eskaera orriak urtarrilaren 27a arte aurkeztuko ahalko dira Maite Betelu Administrazioan.
Esleipena
Esleipena balorazio-irizpide batzuen arabera egingo da. Eragin-aldean bizi direnek, jarduera ekonomiko bat dutenek edo lan egiten dutenek puntuazio handiagoa izango dute. Udalerrian beste garaje-plazarik ez edukitzea ere kontuan hartuko da.
Onartuen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta webgunean jarriko da, baita www.m.betelu.com gunean ere.
Behin alegazioen epea igarota, behin betikoa izango da zerrenda eta onartuei idatziz jakin araziko zaie garaje-plaza onartzeko edo uko egiteko lekua, eguna eta ordua adieraziz. Deialdi lortutako puntuen arabera egingo da.
Eskaera egiten dutenekin garaje-plazen eskatzaileen erregistro bat sortuko da, etorkizuneko adjudikazioetarako irekia geratuko da.
Gobernu taldea pozik
Gobenu taldea pozik agertu da bere helburuetako bat lortu baitu, lau urte esleitu gabe egon diren plaza horiei aterabidea ematea.