Garaipen bat eta bi berdinketa Ostadar eta ISUren areto-futbol taldeentzat

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urtarrilaren 14a

Hamabigarren jardunaldia ezin esan txarra izan zenik Ostadarren areto futboleko alorrarentzat. Ostadar Cecilia Fruta Denda Kebab Lasarte taldeak beste garaipen bat eskuratu zuen 3. lurralde mailan. Oraingo honetan, Edu Menaren mutilek Goizuetako Umore Ona garaitu zuten 3-6. Emaitzak bestelakorik iradokitzen duen arren, neurketa berdinduta joan zen azken minutuetaraino. Partidaren hondarrean, intentsitate handiagoz jokatu zuten lasarteoriatarrek eta hiru puntu zakuratu zituzten sailkapen nagusian laugarren postuan kokatzeko, 20 punturekin.

Bizkaian jokatu zuen 3. Nazionaleko taldeak, Gallartan. Sailkapeneko erdialdeko aurkari zuzen baten aurka jokatu zuten herritarrek, zelai zailean. Biek aukera ugari izan arren, 0-0 berdindu zuten. Defentsaren jardun ona erabakigarria izan zen ateak hutsean mantentzeko eta bi taldeetako atezainek ere lan bikaina egin zuten. Orain, sailkapeneko 7. postuan dago Ostadar Antonio Aroztegia, 15 punturekin. Lehen postuak urrun dituzte, baina azkenekoak ere bai, beraz, mailari eusteko helburu horretan fin ari dira Lourdes Murilloren mutilak.

ISUren berdinketa
Azkenik, ISU Leihoak-ek berdinketa besterik ezin izan zuen erdietsi  Barrantol FKren aurka, Gipuzkoako 1. mailako 12. jardunaldian. Hiruna berdindu zuten herritarrek partida nahasi batean eta sailkapeneko 9. postuan ageri dira jaitsiera postuetatik lau puntura. Datozen asteetan taldeak gora egingo duenaren itxaropena dute ISUko jokalari eta prestatzaileek.