Duela hiru urte jaio zen Corbatas FC, Zumaburu auzoko izen bereko tabernak babestuta. Gaur egun Gipuzkoako 2. mailan jokatzen ari dira, baina asteburutik aurrera 1. mailako taldea izan daiteke lasarteoriatarrena.
“Izugarri motibatuta gaude, aukera bikaina da gutako askorentzat, herriko taldearekin zerbait lortu eta ospatzea handia izango litzatekeelako, baina horretarako larunbateko partidua irabazi beharra daukagu, berdinketak ez digu balio eta beraz, lehen minututik dena ematera zelairatuko gara”, adierazi du Javi Martinez taldeko jokalariak.
Hil ala biziko azken jardunaldiaren faltan, hamabi taldeko ligan, zazpi neurketa irabazi dituzte, bat berdindu eta bi galdu.
Bistan da, puntako taldea osatu du Corbatasek. Futboletik eta areto-futboletik datorren jendea batu dutela kontatu du Javi Martinezek, herriko futbolean esperientzia handia duen jokalariak: “Texasetik gazte batzuk etorri dira, eta herriko areto-futbol txapelketatik ere beste jokalari batzuk fitxatu ditugu, talde lehiakorra osatzea lortu dugu azkenean”.
Martinezen ustetan “talde espirituan” dago honaino heldu izanaren giltza: “Oso ondo defendatzen dugu, talde solidarioa da eta aurrean Imanol Avila daukagu, goi-mailako errematatzailea. Hamar neurketetan 20 gol sartu ditu, diferentzia markatzen duen jokalari da. Iaz esaterako, pitxitxi titulua lortu zuen eta aurten ere eskuratu dezake”.
Iaz lortu zuen taldeak 3. mailatik bigarrenera jauzia egitea. Eta bihartik aurrera, Gipuzkoako 1. mailan jokatu nahi dute lasarteoriatarrek.
Futbol 7aren egoera
Sei jokalarik eta atezainak osatzen dute talde bakoitza eta zelai erdiko eremuan jokatzen dute, 25 minutuko bi denboratan. “Areto futbola teknikoagoa da eta futbola fisikoagoa, bien arteko nahasketa da futbol zazpia, polita, dinamikoa”, azaldu du Martinezek.
Dena den, tamalez, gaur egun ezin dute Lasarte-Orian lehiatu. 'El Corbatas' herriko taldea izan arren, ez dute Michelinen jokatzen, zelaia astebururo gainezka egoten baita futbol eta errugbi partiduak medio. Horregatik, Donostiako Cesar Beniton, Beasainen edo Usurbilen jokatu behar izaten dute.
Gainera, beste herritar ba-tzuk Bataplan Discon eta 3. mailako Arkupen jokatzen ari dira eta badirudi pixkanaka bai herrian, baina baita probintzian ere futbol zazpia gora egiten ari dela.