Ametsaren amaiera

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urtarrilaren 17a

Ion Martinez eta Saioa Royo artistek ordubeteko emanaldia eskaini zuten bart, Manuel Lekuonako auditorio nagusian. Xorroxin eta Azken Putz klownen azalean sartuta, zirko munduaren gainbehera erakutsi zuten, umoretik eta tragikotasunetik. Kukuka dantza eta antzerki eskolak gomendatuta antolatu zuen emanaldia Lasarte-Oriako Udalak eta ikusle aldetik harrera polita izan zuen obrak.

Aldatzen Laguntzen Donostiako antzerki taldearen antzezlana izan zen bart Manuel Lekuonan. Hasieran komedia eta zirko giroa nagusitu arren, gutxinaka drama ukitua hartuz joan zen Ion Martinezek eta Saioa Royok taularatutakoak. 

Antzezlanean, Zirkoan ohikoak izaten diren eszena eta pertsonaiak ikusi zituzten lasarteoriatarrek, pailazoen esketxak, Jurgi iparraldeko magoaren trikimailuak, Joxepa txiste kontalari eta funanbulista, animalia domatzaile berezia bere elefante eta hartzarekin, gizon bala, Maddi lamia… 

Zoritxarrez, funtzioa amaitu baino lehen agerian geratu zen zirkoaren egoera. Bi pailazoak zirkoko pertsonaia guztiak ordezkatzen saiatu arren, ez zuten lortu ikuskizuna borobiltzea. Ametsa zen zirkoa gainbeheran. Dena salgai jarrita zuten bi pailazoek nahiz eta euren ametsa ixten ikustearen aurrean saiakera guztiak egin. 

Palomitak saltzen eta umorez hasitako ikuskizunak tristurari lekua utzi zion. Euskal Herriko txoko askotatik pasa ondoren, Amets Zirkoaren azken emanaldia zen. 

Aldatzen Laguntzen taldeak martxoan estreinatu zuen antzezlana eta azaldu moduan, Balada triste de Trompeta, Noviembre, Charles Chaplin-en Candilejas, Circo de los Horrores, La Zarandaren “Nadie lo quiere creer”, Publikoari gorroto eta gisa horretako lanak inspirazio iturri izan dira hau sortzeko garaian. Antzezlana bukatu ostean, aktoreek eskertu zuten ikusleen harrera beroa baita Kukukak euren lana herrira ekartzeko aukera eskaintzea.