Saskibaloiaren festa

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urtarrilaren 3a

Esaera batek dio bigarren zatiak ez direla onak izaten. Beti daude ordea araua berresten duten salbuespenak, eta gaurkoa izan da horietako bat. 3x3 saskibaloi lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du Ostadar SKTk eta, lehengo urtean gertatu moduan, arrakastatsua izan da erabat.

Saskibaloi giroa izan da gaur nagusi Michelingo frontoian. Goizeko bederatzietatik hasi eta arratsaldeko zazpi t'erdiak arte. Ordu laurdenero partiduak, hainbat kategoriatakoak. Tartean, jaurtiketa libre eta hirukoen txapelketa. Saskibaloiaren festa Lasarte-Orian.

Guztira 44 taldek eman dute izena, adin txikienetatik hasi eta helduetaraino; mutil, neska, emakume eta gizon. Denak izan dira protagonista gaur Michelingo frontoian. Denek egin diote saskibaloiari omenaldia. 

Gogotik gozatu dute egun osoan zehar partiduak ikustera hurbildu diren guraso, lagun eta saskibaloi zaleek. Frontoia lau zatitan banatu dute antolatzaileek, eta beste hainbeste kantxa jarri. Ordu laurdeneko partiduak antolatu dituzte. Bukatzean, jokatzen ari ziren zortzi taldeak erretiratu eta beste zortzi kantxara. Eta horrela egun osoan zehar, erritmo bizi-bizian. Lan asko egin behar da gisa horretako ekitaldi bat antolatu eta dena behar bezala ateratzeko; hori ez zen posible izango Ostadar SKT, saskibaloi ataleko arduradun Endika Marrahi eta Ostadarreko saskibaloi taldeek egin duten lana burutu ez balute. 

Partiduak ikusi, saskiraketak txalotu eta etengabeko animoak emateak nekatu egiten du, baina hala nahi izan duenak indarrak berritzeko aukera ere izan du, Lasarte-Usurbil BHI ikastetxeko 2. Batxilergoko ikasleek postu bat jarri baitute frontoian bertan. Ura, freskagarriak, tortilla ogitartekoak, txokolate beroa eta bizkotxo gozoak jarri dituzte salgai, besteak beste.

Parte-hartze handia

44 taldek hartu dute parte 3x3 Lehiaketaren bigarren edizioan, bost kategoriatan banatuta: alebinak, infantilak, kadeteak, juniorrak eta seniorrak. Kategoria guztietan egon dira mutilen zein nesken taldeak. Goizean alebin, infantil eta kadeteen txanda izan da. Juniorrek eta seniorrek, aldiz, 15:00etatik aurrera jokatu dituzte norgehiagokak. Lehen faseko partiduak amaitu ostean, final-laurdenak eta finalak jokatu dituzte kategoria guztietako neska eta mutilek, arratsaldeko bostetan hasita. Partidu horien tartean egin dira baita ere jaurtiketa libreen eta hirukoen lehiaketak. 

Norgehiagoka mordoa jokatu dira gaur Michelingo frontoian, baina hamar izan dira irabazleak. Honako hauek jaso dituzte sariak antolatzaileen eskutik:

- Alebin neskak: Landasaski.

- Alebin mutilak: Erik's Crew.

- Infantil neskak: Eurrek.

- Infantil mutilak: Babarrunak.

- Kadete neskak: Sopa de letras.

- Kadete mutilak: Atletico Crew.

- Junior neskak: Hopefully noods.

- Junior mutilak: Denver Mc' Nuggets. 

- Senior neskak: Aitxuri.

- Senior mutilak: Mandanga style.

Hirukoen jaurtiketen lehiaketetan berriz, irabazleak honakoak izan dira: Judith (alebinak), Manex (infantil eta kadeteak), Iker Ortega (jubenilak) eta Mikel Bermejo (seniorrak). Dena dela, saskibaloia izan da gaur irabazle nagusia Michelingo frontoian. 

Argazki galeria bat osatu du Txintxarrik, gaurko egunak emandako hainbat irudirekin.