Meltxor, Gaspar eta Baltasar iritsi dira Lasarte-Oriara

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urtarrilaren 5a

Lasarteoriatarrek Errege Magoen partez hainbat opari jasoko dituzte ziur asko, sekulako ongietorria egin baitie Ekialde Hurbiletik etorritako Meltxor, Gaspar eta Baltasarri. Jendez bete da Okendo plaza hiru erregeei harrera egiteko.

Meltxorren ostean, Gaspar erregea mikrofonoaren aurrean jarri da eta hitza hartu du: "Inon ez digute Lasarte-Orian bezalako harrerarik egin. Gaur eman diguzuen berotasuna ez dugu inon jaso. Horregatik dugu herri hau horren maite". Ez zaio arrazoirik falta errege ilegorriari, jende andana irten baita kalera Errege Magoen kabalgata ikustera. Kaleetatik ezin zen ia ibili ere egin. Haurrak eta gurasoak irribarretsu; gazteek gozoki-poltsa goraino beteta; aiton-amonen ilusioa eta poza, haur txikienen adinakoa. Itxura ezin politagoa hartu du herriak gaur arratsaldean.

Oriatik irten da kabalgata, arratsaldeko seietan. Hiru erregeak zaldi gainean, paje leialak alboan, zuziak zeramatzaten hainbat gazte, patinetan irten den taldetxo koloretsua...eta errepidearen bi alboetan hiru erregeen izenak etengabe errepikatzen zituzten herritar asko. Presarik gabe baina bidean geratu gabe egin du aurrera kabalgatak, Biyak Bat nagusien egoitzara iritsi arte. Bertan geldialditxo bat egin dute, eta hiru pajeek oparia utzi dute nagusien egoitzan. Zakua beteta dute oraindik ordea, eta gau osoa aurretik etxe guztietan opariak uzteko.

Biyak Bat atzean utzi eta Brigitarren komenturantz abiatu da kabalgata. Meltxor, Gaspar eta Baltasar komentu barrura sartu dira, bertako mojekin hitz egin eta hainbat gozoki banatzera. Mojek esker ona eta poza erakutsi dute bisita berezi horren aurrean.

Komentutik atera ostean San Pedro eliza, Hipodromo etorbidea, Pablo Mutiozabal kalea, Iñigo de Loyola kalea eta Geltoki kalea zeharkatu dituzte, herritarren gozamenerako. Ondoren, udaletxe berrirantz abiatu dira, eta su-festa labur bat ikusi ostean balkoira igo dira, herritar guztiengana zuzentzeko.

Okendo, jendez beteta

Gutxitan ikusi da Okendo plaza horren beteta. Urtarrila hasiera delako, bestela batek baino gehiagok pentsa dezake San Pedro jaien txupina botatzera zihoazela. Suziririk ez dute bota ordea, baina bai hainbat eta hainbat gozoki. Gozokiak banatu aurretik, hiru erregeetako bakoitzak jendaurrean hitz egin du. Meltxorrek eta Gasparrek herriko zenbait haurren eskutitz bana irakurri dituzte (euskaraz Gasparrek eta erdaraz Meltxorrek). Baltasarrek lasarteoriatar guztien aurrean erakutsi du oso ondo moldatzen dela hizkuntzekin, euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez hitz egin baitu.

Herritarrekin egon ostean, ziztu bizian abiatu dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar oparien zakuen bila, lan ugari baitute aurretik, eta gau bakarra euren xedea betetzeko: herritarren etxeak opariz jostea. Ondoren, Ekialde Hurbilera bueltatuko dira, merezitako atsedena hartzeko. Bidaia luze hori, ordea, ez dute esku-hutsik egingo, hiru zakutan kabitzen ez den oparia jaso baitute gaur arratsaldean: Lasarte-Oriako herritarren berotasuna. 

Errege Magoen bisitak emandako hainbat argazkirekin galeria egin du Txintxarrik.