Eli Iradik eta Jon Esnalek irabazi dute Lasarte-Oriako I. Padel Txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urt. 7a, 18:18

Hiru hilabete iraun du txapelketak. Denera 20 bikote aritu dira astebururo Udal Kiroldegiak Loidi-Barrenen dituen padel pistetan partiduak jokatzen. Finala abenduaren 28an jokatu zen eta ia ordubete iraun zuen neurketak. Eli Iradik eta Jon Esnalek erraztasunez hartu zituzten mendean Iñaki Lopez eta Venta Garmendia, 6-2 eta 6-1ko emaitzaz. Datua, honakoa: Eli Iradi izan zen txapelketako emakume bakarra, eta podiumeko lehen koskara igotzea lortu zuen.

Giroa ere aparta izan zuten finalean, ikusle aldetik bai, baina izan zen bestelakorik ere. Arratsalde osoan musika jartzen aritu zen DJ Lucky eta Berrobi Dantza taldeak jokalariei agurra dantzatu ziten lehen sakea egin aurretik.

Hirugarren eta laugarren posturako lehian Javi Cobo eta Jon Izeta 7-6 eta 7-5 gailendu zitzaizkien Iñaki Redondo (Joseba semearen ordez jokatu zuen) eta Ander Rekondori. Kontsolazio finala berriz, Javi Rubiok eta Aitor Erauskinek irabazi zuten Edu Franco eta Jeampol Rodriguez bikotearen aurka, 6-3 eta 6-3.

Padel txapelketa bukatuta, lehen edizioari amaiera emateko Iruin Sagardotegian afaria egin zuten parte-hartzaileek.