Axier Arteagak eta Aitor Gorrotxategik aurrea hartu zuten lehen tantoetan, 11-6 jartzeraino. Horraino jokatutako kintzeak luzeak eta erritmo bizikoak izan ziren, Arteagak eta Gorrotxategik jarritako doinuan egin zuten dantzan lau pilotariek. 17-9koaz partidua erabakita zegoela zirudien, Buruntzaldeako bikotearen mesedetan. Behabada, abantaila horrek behar baino gehiago erlaxatu zituen Arteaga eta Gorrotxategi, eta aurkariek pilota aldatzean hasi ziren komeriak. 17-14 gerturatu ziren Santxo eta Kastillo. Dena den, Arteagak bere dohainak erakutsi zituen tanto on bat egin eta sakez beste bi sartzeko, 20-14 Villabonako markagailuan.
Santxo eta Kastillo aurkariak ordea ez zeuden berehalakoan amore emateko prest. Beste tanto bat egin eta 20-15 ere jarri zen berdez jokatu zuen bikotea. Tentsioari eutsi egin zion halere Arteagak, eta 21. tantoa ezker gantxo ikusgarriaz egin zuen. Azken tantoa berriz, Kastilloren hutsaren bitartez etorri zen eta Arteagak eta Gorrotxategik merezitako txapela jantzi zuten.
Izen bat aipatzekotan ordea, Axier Arteaga aurrelari lasarteoriatarrarena aipatu behar. Dozena erdi tanto egin zituen, kilate askokoak gehienak eta Aurrera Saiazekin Euskal Herriko kluben txapelketan Eneko Yoldi nafar espezialistari lau t´erdian 18-17 irabazi izana kasualitatea ez dela berretsi zuen berriro ere. Profesional mailari ate-joka ari zaio 18 urteko mutila eta Asegarce enpresarekin entrenatzen ari da, barnean duen guztia pilotalekuetan erakusteko aukeraren zain.
Iñaki Urruzola, txapeldun
Gazteleku klubean dabilen pilotari gaztetxo lasarteoriatarrak Gipuzkoako alebinen errendimenduko ekialdeko txapela jantzi zuen joan den asteburuan. Getarian jokatutako finalean, Hernaniko Xabier Apaolaza hartu zuen mendean Urruzolak.