Elite mailaz gain, benjamin, alebin, infantil, kadete, junior eta jubenilek ere lehiatuko dute etzi, 10:30ean hasita.
Sarrerak oferplan.diariovasco.com webgunearen bitartez edota Donostiako Hipodromoko leihatiletan eros daitezke. Zazpi euroko salneurria izango dute larunbatera arte, eta 10 euro ordaindu beharko ditu igandean bertan erosi nahi duenak. 12 urte baino gutxiagoko gazteentzat sarrera dohainekoa da.
Aurtengo berrikuntzak
Aurtengo nobedaderik nabarmenena Herrikoia Krosera lasterketaren I edizioa da (12km). Ibilbidearen %90 asfaltozkoa da eta beste %10a pista, belarra eta lurra. Donostian, Gipuzkoako Enparantzan hasiko da lasterketa 10:30ean eta Hipodromoaren harmailen aurrean dagoen 300 metroko zuzengune harrigarrian bukatuko da. Izen-emateak www.kirolprobak.com webgunean egin behar dira edo lasterketaren egunean irteeran bertan. Lasterketa honen prezioa 10 eta 15 euro bitartekoa da.
Halere, Donostiatik Hipodromora oinez joan nahi duenak ere izango du aukera. Goizeko 9.00etan hasiko da ibilaldia. Club Vasco de Camping Elkarteak antolatu du txangoa eta 12 kilometroko luzera du. Parte hartzea dohainik da eta apuntatzeko irteera lekuan ordu laurden lehenago agertzea nahikoa da. Ibilbidea osatzen dutenek sarrera doan eskuratuko dute.
Bestalde, edizio honek atzera begiratuko du Hipodromoko lokatzean garaipen gehien lortu duen Carmen Valero atletari omenaldia egiteko. Teruelgo korrikalariak 60 urte beteko ditu 2015ean, probak beteko dituen edizio kopuru berbera alegia. Valerok nagusitasun handia erakutsi zuen bere garaian estatu mailako emakumezko krosean eta lau urtez jarraian irabazi zuen, 1974 eta 1977 bitartean. Beraz, ziur momentu hunkigarriak biziko dituela igandean.
Azken urteotako tradizioari jarraiki, RACVN elkarteak antolatutako Auto Klasikoen V. Kontrentzazioak hartuko du protagonismoa Hipodromoko parkingean. 25 urte baino gehiago dituzten kotxe eta motorren erakusketa egingo baitute itxi berri duten Dana Ona jatetxearen aurrean. Bertan parte-hartzeko, aurretik izena eman behar da www.sansebastiancross.com webgunean. Igandean bertan, 9.30etan abiatuko dira Gipuzkoako Enparantzatik eta parte hartzen duten guztiek sarrera, VIP txartela, janaurrekoa eta aparkatzeko lekua izango dute dohainik.
Beste behin ere, Krosaren Katedralak kirol jardunaldi eder bat jasoko du igandean. Kirolzaleek beraz badute hitzordua igandean, etxean bertan, Lasarteko Kros historikoarekin.
Jarraitu beharreko atletak:
Gizonezkoak:
1-Teklemariam Medhin: Munduko kros txapeldunordea Bydgoscz 2010 eta brontzea 2013.
2-Timothy Toroitich: Bosgarren Munduko kros txapelketan 2013 eta garaile Amorebietan 2015.
3- Elvis Cheboi: Txapeldunorde Junior mailako Munduko Kros txapelketan - 10.000 metroetan 2014.
4- Carlos Castillejo: Espainiako 5.000 m., 10.000 m., Kros eta Maratoi txapelketak irabazi dituen atleta bakarra.
5- Iván Fernández: Hirugarren Espaniako Kros txapelketan 2014.
6- Javier Guerra: Laugarren Europako maratoi txapelketan 2014.
Emakumezkoak:
1- Betsy Saina: Hirugarren 10.000 metroko 2014ko Munduko Ranking-ean eta bosgarren 5.000 metrokoan.
2- Magdalene Masai: Amorebietako kroseko txapelduna 2014 eta 2015.
3- Diana Martin: Brontzea Europako txapelketan Zurich 2014 3.000 m oztopoak proban.
4- Gema Barrachina: Espainiako kros txapelduna Granollers 2013.
5- Lidia Rodríguez: Espainiako txapelduna 10.000 metroko proban 2013.
6- Verónica Pérez: Espainiako maratoi txapelduna Donostia 2014.