'Zabaldu zure etxea' kanpaina herrian

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urtarrilaren 12a

Eusko Jaurlaritzak Bizigune eta ASAP bezalako programak jarri ditu martxan azkenaldian, etxebizitza hutsak alokairu sozialera bideratzeko. Alokabideren bitartez 'Zabaldu zure etxea' kanpaina jarri du abian Jaurlaritzak, etxe hutsen jabeek programa horien berri izateko. Stand bat prestatu dute, gaur eta bihar Lasarte-Orian egongo dena, 10:00etatik 18:00etara, Udaletxe berriko arkupeetan.

Eusko Jaurlaritzak ‘Zabaldu zure ateak, irabazi segurua’ kanpaina jarri du martxan, EAEn dauden etxebizitza hutsak alokairu sozialera bidaltzeko asmotan, Alokabideren bitartez. Etxebizitza hutsen jabeek kanpaina horren berri izateko, stand bat jarriko du Jaurlaritzak EAEko hainbat herritan. Lasarte-Orian egongo da gaur eta bihar.

“Etxe bateko egongela erosoa” irudikatzen duen postua 10:00etatik 18:00etara egongo da zabalik, eta Udaletxe berriko arkupeetan egongo da kokatua. Alokabidek hutsik dauden etxebizitzak dituzten herritarrak animatu nahi ditu, Eusko Jaurlaritzaren bermearekin euren etxebizitzak alokairuan jar ditzaten.

Helburu hori erdiesteko zenbait programa badituzte etxeen jabeek, Bizigune eta ASAP esaterako. Programa horien inguruko xehetasun gehiago jaso ahalko dituzte gaur eta bihar herrian egongo den stand horretan.

Arazoa EAEn
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 80.000 etxe inguru daude hutsik EAEn, etxebizitza kopuru osoaren %8,7. Hori dela eta jarri du martxan kanpaina hori, EAEko udalerrietako udal guztiekin batera. Xedeak argiak dira: herritarrek alokairuko etxebizitza bat eskuratzeko aukera izatea eta etxe hutsen kopurua murriztea.

Etxebizitza huts baten jabe diren lasarteoriatarrek gaur eta bihar edukiko dute aukera etxebizitza alokairuan jartzeko programei buruz informatzeko, ‘Zabaldu zure etxea’ kanpaina zabaltzeko Alokabidek jarri duen stand horretan.

Alokabidek adierazi duenez, “ezinbestekoa” da kanpaina hori, etxebizitza hutsen jabeek programa horien berri izan dezaten. “Programa horien bidez alokairuan eman ditzakete etxebizitza hutsak, Eusko Jaurlaritzaren berme osoarekin: hileroko errenta bermatuz eta etxebizitza egoera onean bueltan jasoko dutenaren ziurtasunarekin”.

Lasarteoriatarrek beraz gaur eta bihar daukate hitzordua Udaletxe berriko arkupeetan, goizeko hamarretatik arratsaldeko seietara, 'Zabaldu zure etxea' izeneko stand horretan.